Xilaba Bertsolari Txapelketa 2025-26 urtarrilaren 31n bukatuko da Donibane Lohizuneko Jai Alaian, belaunaldi eta genero berrikuntza nabarmenarekin. Finala zuzenean segitzen ahalko da Euskal Irratietan 16:45etik aitzina.
Aurtengo Xilaba Bertsolari Txapelketa azken etapara iritsiko da gaur, eta final handia Donibane Lohizuneko Jai Alaian jokatuko da. Azaroan abiatu zen txapelketa, 24 bertsolarirekin eta bederatzi saioren bidez, kostaldetik barnealdera ibilbide askotarikoa eginez.
Sei bertsolari heldu dira finalera: Aitor Servier, Elixabet Etxandi, Irantzu Idoate, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena eta Miren Artetxe. Seikote honek argazki berri bat ekartzen digu, nola belaunaldiartekotasunean, hala generoari dagokionean. Aurkezpenean iragarri bezala, aurtengo Xilaba iraganeko finaletatik urrun egonen da. Izan ere, lehen aldikotz bost emazte ariko dira finalean seiren gain, %84ko presentziarekin. Gazteen presentzia nabarmena da: finalisten batez besteko adina 29 urtekoa da. Horren adibide da Irantzu Idoate, 19 urterekin Xilaban lehen aldiz parte hartu, eta zuzenean finalera iritsi dena.
Xilabak alde ilunak ere izan ditu. Elixabet Etxandi bertsolaria eta bertso-irakaslea finalean izango da, sailkapen fasean eraso bat pairatu ostean; finalera iristea nolabait errebantxa gisa bizi du.
Finala urtarrilaren 31n jokatuko da Donibane Lohizuneko Jai Alaian, eta txapela Maialen Hiribarrenek emango dio irabazleari. Sarrerak hemen bakarrik daude salgai, eta antolakuntzak gomendatzen du TxikTxak autobus sarea edo garraio publikoa erabiltzea, aparkaleku gutxi izango baita. Euskal Irratien antena guztietan eta webgune honetan ere entzuten ahalko da finala, 16:45etan hasiko den emankizun berezian. Kriztof Arotzarena izanen da aurkezle, eta Egoitz Zelaia bertsolaria izanen du lagun.