Gazteendako arrantza tailerrak proposatuak dira udan

Bi eguneko arrantza ikastaroak proposatuak zaizkie 8 eta 18 urte arteko haur eta nerabeei. Udan zehar sei tailer izanen dira, eta bakoitzean sei edo zortzi pertsonak gehienik parte hartzen ahal dute. Izen emateak oraino idekiak dira.

Gazteendako arrantza tailerrak proposatuak dira udan
Baigorriko errekan arrantzan ibili dira gazteak. EUSKAL IRRATIAK.
Nahia Etxeberri Lopepe
2026/07/09 13:19

Gero eta gazte gehiagok interesa erakusten du arrantzaren munduarentzat, eta uda honetan aktibitatean trebatzeko aukera bada, Ipar Euskal Herriko erreka eta lakuetan. Jadanik hasiak dira ikastaroetan: lehena Baigorriko errekan izan zen uztailaren 8an, eta sei gaztek parte hartu zuten. Kopurua aldi guztiz mugatua da: sei gazte erreketan ibiltzeko, eta zortzi lakuetan. Iban Salles, Arrantza eta Ingurumenaren Zaintza Federazioko kideak eramaten du ikastaroa. Udan zehar sei tailer proposatuak izanen dira, izan Uztaritzeko lakuan, Errobin, Xiberoan, edo Biarnoan ere.

Bi eguneko ikastaro horietan, haurrek erreka deskubritzen dute, lehen arrainak eta xipak harrapatuz. Nerabeer aldiz arrantzaren perfekzionamendu bat proposatua zaie. Baina arrantza ez da aski; Iban Sallesen ustez, adarretan kokatzen ere jakin behar da, erreka irakurtzen... Lehen egunean materiala nola martxan den ikasten dute, eta bigarren egunean, goizetik arratsaldera arrantzan ibiltzen dira.

Arrakasta duen aktibitatea

Iban Sallesek kondatzen du arrantzak erakarmen handia sortzen duela gazteengan, eta parte hartzaileen kopurua gora egoten dela. Iaz jende gutiago agertu zen, publizitatea ere apalagoa izan zelako, baina aurten, lekuak fite betetzen dira. Neskak, haatik, gutiago dira...

Anitz gaztek beren baitarik ikasten dute arrantza. Baigorriko errekan ibili diren batzuek familiatik ekartzen dute pasioa, beste batzuek lagunartetik... Youtube bezalako sare sozialetan ikasten dute teoria, eta ikastaroetara hurbiltzen dira praktikan ezartzeko. Enbeia horren iturria naturarekiko konexioa edo lagunartean egotea izanik ere, modan den aktibitatea dela erran daiteke.


Beroaren ondorioak

Bi egunez sei amuarrain atzeman dituzte Baigorrin, eta beste bat atera dute ene begien aitzinean! Hala ere, Iban Sallesek erran du uda huntan amuarrain arrantza uzteko arriskua duela. Ura hogei gradutara pasa da azken egunetako berotearengatik, eta ez da batere ona arrainentzat, ezta arrantzaleentzat ere.

Normalki ikastaroak 10:00etatik 16:00etara egiten dira, baina bero handia egiten duelarik, Baigorriko tailerrean gertatu den bezala, ordutegiak aldatzen dira, eta 8:00tatik 14:00tara iragaiten dira.

Izena emateko parada oraino bada, Pirinio Atlantikoetako arrantza federazioaren webgunean.

Interesgarri izanen zaizu