Musikariak, dantzariak, antzerkilariak; laguntzaileak, eta festibalariak: denak Arberatzen dira bardatik, eta abiatua da Euskal Herria Zuzenean festibala. Bihar arratsera arte ospakizun handian murgilduko dira Arberatzen.
30. urteurreneko edizioa hasia du EHZk bardatik. Arratsaldeko 18:00tan ideki zen plazako egitaraua Siwanaba DJekin, eta 21:00ak eskas zirela jo zituen, leloak dioenez, geroaren lehen notak Xak taldeak pentzean. Berrogei kontzertu baina gehiago izanen dira aurten EHZn, eta musikariak oholtzan ariko badira, laguntzaileen indarrari esker egindako festibala den heinean musikariak laguntzaile ere izaten dira usu. Hala da Xak taldekoen kasua, pentzeko lehen kontzertua emanik, laguntzaile bilakatu baitira Uxue Olaziregi eta Paxkal Irigoyen:
Festibalaren lehen orenak beroak izan badira, beroagoa izan zen muntaketa. Hala ere, ordutegiak egokiturik bada ere, behar bezala aitzinatu ziren atzo goizerako dena prest izateko. Laguntzaileak ere, normalki baina fiteago atzeman dituztela aipatu ziguten atzo Maiena Uhart eta Zoe Bordagarai antolatzaileek:
Urte hastapenetik uhin hauetan usu aipatu dugunez, 30. urteurrena du EHZk, eta hiru egun hauetan ez ezik urte osoan aritu dira laguntzaileak lanean, ospakizuna nabari zedin. Uhinen ildoan podcasta egin eta hedatu dute lehenik, Auzolanaren Lurretan liburua argitaratu ondotik, eta festibaleko egun hauetan ari dira udazkenean aurkeztuko duten dokumentala filmatzen. Baina noski, hiru egun hauetan ere nabarituko da urteurreneko giroa, Maiena Uhart eta Zoe Bordagarai:
Programazioari so, igande arratsean Etzakit taldearen kontzertua da ikusmin handia sortzen dutenetakoa. 25 bat urte oholtzetatik urrun ibili eta gero, urte hastapenean itzuli ziren, eta EHZn kontzertu berezia emanen dute igandean, 18:45ean. Ander Barrenetxea taldekidea Ainize Madariagaren mikroan mintzatu zen atzo:
Erasorik onartuko ez duen festibala
EHZ gune goxo eta seguru bat izan dadin ere lanean ari da jende andana, Brigada Ubelean eta segurtasun komisioan bertzeak bertze. Aurten, mota orotako erasoak saihestu eta kudeatzeko, protokolo xehe bat landu dute, baita horren inguruko komunikazio publiko bat egin ere. Ana Sarria Brigada Ubeleko arduradunetako bat da, xehetasunak azaldu dizkigu:
EHZn eraso bat pairatuz edo ikusiz gero, 24 orenez plazan, pentzean edo akanpaleku sartzean den Gune Ubelera joan daiteke.
Festibalaren lehen orenak beroak izan badira, arratsean freskatu ere egin du, eta goiza pixkanaka hastekoa da orain. Gaur, Euskal Irratiek eta Badak elkarlanean egindako Gau Pasa podcastaren zuzenekoa izanen da festibaleko lehen ekitaldia, publiko aitzinean, 10:30ean hasirik. Uhin hauetan entzuten ahalko duzue zuzenean, baita bihar, 11:00etatik 12:10era 1996an Arrosan EHZ sortu zutenekin eginen dugun emankizun berezia ere.