42.000 hektarea erre dira Girondako sutean, Frantzian inoiz izandako suterik handiena da; Landetako sutea berriz, kontrolatze bidean da. Hendaiatik AHTrik ez da abiatuko gaur, eta TERak ez dira Bordelera iritsiko.
Asteazkenean Gironda departamenduan hasi zen suteak jadanik 42.000 hektarea erre ditu, eta Bordeletik 15 kilometrora den honetan, 220.000 lagun atera behar izan dituzte haien etxeetatik. Frantziar estatuan nehoiz neurtu den suterik handienetakoa da jadanik; 1949an, Landetako sute handian 50.000 hektarea erre baitziren. Ebakuatutako jende kopurua ere, gerla garaietatik kanpo ikusitako handienetakoa da.
Bart arratsetik, Euskal Herria eta Bordele lotzen dituen bideetatik hurbildu zen sua. A63 autobidetik metro gutxira da sua, Cestas inguruan; trenbide gainean da aldiz sua, Marcheprime herrian. Hori dela-eta, trenik ez da Bordeletik hegoaldera atzotik. Hendaia, Donibane Lohizune, Miarritze eta Baionatik, Tolosara doazen Intecités trenak abiatu dira gaur goizean, eta hori da Parisera iristeko bide bakarra: Tolosan AHT bat hartzea Parisera. Hendaiatik Bordelera doazen TERak berriz, abiatzen dira, baina Morcenxen bukatzen dute ibilbidea.
Errepideari dagokionez, Vincik adierazi duenez, erakundeek galdegin zieten atzo 19:00tan A63a ixtea, Baionan, A64arekin bat egiten duen puntuan. Hortaz, Landetara iristeko D810 errepidea hartu behar da Baionan. Bordelera joateko, A64a hartu behar da Pauera, eta bertan A65arekin iritsi Girondako hiriburura. Parise aldera joateko, Tolosaraino A64a hartzea gomendatzen du Vincik, eta ondotik A20 eta A71 bideak.
Landetan, "hildako herriak" eta "dena galdu duen jendea"
Landetan, ostegun arratsean sute bat hasi zen Biscarrosse herrian, eta inguruko herrietara hedatu zen. Oraindik ere arrunt kontrolpean ez bada, "aldeko egoera" aipatzen du hango prefeturak, eta ebakuatuak izan ziren 30.000 lagunetako 8.000 etxera itzuli dira jada. Orotara, 3.600 hektarea erre dira han momentuz.
Asteburuan han izan zen Euskal Telebistako talde bat, sutea eta haren ondorioak grabatzeko. Nerea Olaso kazetariarekin mintzatu da Jose Luis Aizpuru gaur goizean.