Goxoki etxea: elkartasunezko bizitoki kolektibo proiektua

Etxalde kooperatibak eta lau Hazpandarrek Goxoki etxea erosiko dute Hazparnen. Etxean biziko diren herritarrek dute prezioaren parte handiena pagatuko, baina inbertsioaren parte bat baztertzen ahalko dute. Etxea Etxalderena izanen da.

Goxoki etxea: elkartasunezko bizitoki kolektibo proiektua
Kanboko bidean den lotizamendu batean da Goxoki etxea. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2026/07/02 07:45

Hazparnetik ateratzean Kanboko bidea hartuz, eskuinetarik den lehen lotizamenduan da Goxoki etxea. Lehen zapata fabrika izana den 300m²ko etxe hau dute erosiko lau Hazpandarrek eta Etxaldek. Kooperatibarena izanen da etxea.


Berritze lanak eginen dituzte hiru bizitegi eta parte amankomun batzuren antolatzeko. Orotara, 600 000€-ko buxeta du proiektuak. Finantzatzeko, biztanleek diru ekarpen bat eginen dute eta Etxaldek mailegu bat ere eginen du. Baina biztanleek ere dute mailegu hori osoki pagatuko, 25 urtez hilabete guziez alokairu bat utziz Etxalderi. Herritar horien filosofia da hori, ez dute uste diru galtze bat dela horiendako, epe luzeagoan ikusten baitute. Ondoko belaunaldiendako inbertsio bat dute egiten.


Inbertsioaren parte bat nola baztertu

Goxoki etea Etxalderena izanen da baina biztanleek dute etxearen antolaketa eta bizia kudeatuko, eta beren bizitokia izanen da. Horretaz gain, inbertitzen duten dirua ez da arras galdua izanen, Etxalderen kontabilitatean agertuko baita, partzuer kondu korronte moldean. Hastapeneko ekarpen osoa eta hilabete bakotx pagatuko duten alokairuaren erdia sartuko dira kondu horretan.

Zer da xuxen kondu hori? Erran nahi du nonbait zor bat baduela Etxaldek eta herritarrek galdegiten badute proiektutik joatea, diru zama hori berreskuratzeko dretxoa ukanen dutela. Etxalderen prensidentea den Beñat Etchebestek gure mikroan erran du hori berritasuna zela: norbaitek bizi osoa pasatzen badu alokatzen etxebizitza pobre gelditzen da baina sistema horrekilan, alokairuaren parte bat baztertzen ahal da.

Beñat Etchebest Etxalderen presidentea, eta ondoan Goxoki etxean biziko diren herritarrak: Pantxika, Aurélie eta Eric. Laugarren herritar batekin osatu dute proiektua. IRULEGIKO IRRATIA

25 urteren ondotik, mailegua pagatua izanen dutelarik, biztanleek bi aukera ukanen dituzte: hor bizitzen segitzen alokairu biziki merke batendako, edo gozamena erosi. Horretaz gain, beren familiako bati edo nahi duten pertsonari transmititzen ahal dakote gozamena edo hor bizitzeko dretxoa.

Espekulazioa saihestu


Proiektuaren eramaileen erranetan, muntaia guzia pentsatua da espekulazioaren saihesteko. Gaur egun 600 000€ baliatuko dituzte etxearen erosteko eta berritzeko. Etxalderi utziz Goxoki etxearen jabegoa, herritarren xedea da bere balioa hein berean egon dadin, eta 25 urteren buruan espekulaziorik ez izatea.

Beñat Etchebestek azpimarratu du "abantaila ez [dela] haiendako, abantaila [dela] ondokoendako". Kooperatibaren presidentearen erranetan, 25 urteren buruan Etxaldek prezio biziki merkean alokatzen ahalko ditu bizitegiak, edo gozamena saldu zentzuzko prezio batean.


Proiektuaren osatzeko diru bilketa kanpaina


Proiektuaren laguntzeko eta mailegua ttipitzeko, diru bilketa bat antolatzen dute eramaileek. Bi manera dira parte hartzeko: etxalde kooperatiban parte sozialak hartuz edo dirua prestatuz, eta nahi izanez geroz interesak hunkituz. Xehetasun guziak etxalde.eu webgunean.

Interesgarri izanen zaizu