Uste zenean proiektua lurperatua zela, CADEk salatzen du Frantziako gobernuko eta eskualdeetako hautetsi batzuk egitasmo horren alde azkarki ari direla. Abenduaren 3an, proiektuari dagozkion azken berriak emanen ditu Mugerren gaueko 8 orenetan.
Informazio bilkura abenduaren 3an Mugerren
Abiadura Handiko Trenaren aldeko hautetsien deklarazio faltsuak prentsan gaitzesi ditu CADE ingurumenaren aldeko kolektiboak, besteak beste Alain Rousset eta Carole Delga Akitania-Berria eta Okzitaniako lehendakarienak eta Guy Kauffmann GPSOko sozietatearen lehendakariarenak. Horrez gain, plazaratu diren inkesta « bideratuak » ere salatzen ditu. Azken berrien emateko, bilkura publikoa antolatuko du CADEk abenduaren 3an Mugerreko Haitz Ondoan gelan gaueko 8 orenetarik goiti.
AHT proiektuaren aldeko eraso mediatikoa
Horri buru egiteko, Pierre Hurmic orduan karguan zen Bordeleko auzapezak eta Jean-René Etxegarai Baionako auzapezak Frantziako garraio ministroari gutun bat igorri zioten 2025ean, jada hor den Bordele-Hendaia linean inbestimenduak egiteko eta ez Abiadura Handiko Linea berrian. Akitania Berriko eta Okzitaniako 18 parlamentarik talde bat ere osatu zuten proiektuaren kontra. CADEk Kontuen Gortearen esku hartzea galdetu du eta azken honen zenbakiek argiki erakutsi dute lehentasuna eman behar zaiela jada instalatuak diren azpiegiturei. COI Azpiegituren Orientazio Kontseilua ere ildo beretik doa jada hor dauden lineen zaharberritzeko.
Victor Pachon CADEko arduradunak dio COI Azpiegituren Orientazio Kontseilua bortizki baztertu duela Sébastien Lecornuk erranez itzulbiderik gabeko proiektua zela baina finantzamendurik eztela gehitzen du CADEko kideak eta Frantziako ondoko lehendakariaren gain izanen dela gaia. Beraz gatazka badela esplikatzen du Pachonek. Bidasoaraino aitzina segitu nahi dutenak dira alde batetik, eta bestetik buruargiak eta horien alde doa Kontuen Gortearen azken txostena. Tituluak argiki baitio gaur egungo lineen modernizatzearen alde egin behar dela. Gaur egungo trenbide sarearen suntsitzea dela jokoan. Eta berritze hori ez bada egiten, ondorio larriak izanen direla abisatzen du Victor Pachonek:

14 miliar eurotik 20 miliar eurora berrestimatu dute proiektua
Bordele-Tolosa-Akize zatiari dagokionez, kostuak berreguneratuta, diru gastuak 14 miliarretik 20 miliar eurora pasatu behar liratekeela azpimarratu dute COI, Kontuen gorteak eta CADEk. Beraz diotenaz, ekonomiaren aldetik baita ingurumenaren aldetik ere, lehentasuna eman behar zaie jada lekuan diren azpiegiturei, inbestimenduak horietan ezarriz eta ez alimaleko proiektu berri baten egiteko.