CGTk bi eguneko greba deitu du Baionako Ospitalean, ebakuntza-blokeko eta zaintza-guardietako antolaketa aldaketen aurka. Langileek ohartarazi dute neurriek lan-baldintzak eta ordainsariak kaltetuko dituztela.
Baionako Ospitalean greba-abisua ezarri du CGT sindikatuak astelehen eta astearterako. Mobilizazioa ebakuntza-blokean ezarri nahi den antolaketa berriaren zein zaintza-guardien sistema eguneratuaren aurka deitu dute, bi neurriek langileen baldintzetan izango duten eraginagatik.
Sindikatuaren arabera, zuzendaritzaren proposamenek erizainen eta anestesia-erizainen lan-txandetan eta ordainsarietan eragin zuzena izanen lukete, eta %20rainoko galera ekarriko lukete. Marie-Pierre Etchebarne CGTko ordezkariak dio gaur egungo antolaketa egokitua dela langile faltari aurre egiteko, eta proposatutako aldaketek orain arte zituzten zenbait abantaila galduko lituzketela. Sindikatuaren iritziz, proposatutako neurriek ez dute arazoaren muina konponduko eta ospitaleko defizita murrizteko estrategiaren parte baino ez dira.
Negoziazioak ez dira aurrera egin eta, ondorioz, bi eguneko grebak ebakuntza-blokean eta larrialdi-zerbitzuan eragin zuzena izan dezake. Gainera, CGTk ez du baztertzen mobilizazioak segitzea erantzuna ez bada hobetzen.