4.000 lagun bildu dira Baionan austeritate politiken aurkako greba egunean

Zerbitzu publikoetan, garraioan, hezkuntzan eta osasun arloan izanen du eragin azkarrena, Frantziako gobernuak onartu nahi duen aurrekontu proiektuaren kontra. Miarritzeko Hotel du Palaisko sartzea blokatu dute, eta bi atxiloketa izan dira.

4.000 lagun bildu dira Baionan austeritate politiken aurkako greba egunean
2.000 lagun inguru bildu dira Baionan sindikatuen arabera. EUSKAL IRRATIAK
Jose Luis Aizpuru
2025/09/18 08:38

Frantziako gobernu ezberdinek azken bi urteetan aitzinera eraman nahi izan duten austeritate politiken kontra zortzi sindikatuk deiturik, greba deialdia da egun Ipar Euskal Herrian. Intersindikaletik kanpo bada ere, LAB sindikatuak bat egin du mobilizazioarekin, baita ELB laborantzako sindikatuak ere.

Garraio arloan izanen du ondorio azkarrena, baita zerbitzu publikoetan ere. Aldiz, Abiadura handiko tren gehienak atera dira Hendaiako geltokitik, bai 7:12koa Parisera buruz, edo 9:30etakoa ere. Aldiz, Donibane Garazirako trena edo Pauera doana bertan behera gelditua dira. Autobus zerbitzu gehienak, Txik Txak zerbitzukoak martxan dira.

Baionako ospitalean ere grebaren eragina azkarra izanen da. Farmazietan ere nabarituko da greba mugimendua, erremedio generikoen erreformaren kontra altxatu baita farmazialarien sindikatu nagusiena. Kineen sindikatuak ere grebara deitu du.

Hezkuntza arloan, haurtzaindegi eta ama eskola ainitzetan ez da kantina zerbitzurik eskainiko. Baiona, Bokale, Angelu eta Donibane Lohizunen izanen da ondorio gehien. Kolegio eta lizeoetako irakasle eta langile ainitzek ere bat egin dute mobilizazioarekin.

Prefetak igorri oharraren arabera, droneak izanen dira goiz honetan Baionan, mobilizazioa kontrolatzeko, goizeko hamarretatik, arratsaldeko ordu biak arte. Duela astebete iragan zen mobilizazioetan justiziak ez zuen onartu droneen baliatzea, aldiz, gaur Baionan izanen dira.

Blokatze ekintza Miarritzen

Hotel du Palaiseko sartzea blokatu dute dozena bat manifestarik Miarritzen goizeko 9:00etarako minutu batzuen faltan. Joan den irailaren 10eko blokatze egunetik landa, blokeatzen eta "sumintzen" jarraitzeko deia egiten dabiltza hainbat eragile. Polizia berehala agertu da, istiluen aurkako materialarekin eta kopuru handian; blokatzea lekutu eta bi lagun atxilotu ditu.

 

 

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu