Haizebegi festibalaren hamahirugarren edizioa gaurtik goiti eta urriaren hemezortzira iraganen da, Baionan, Angelun eta Bastidan, musika, gizarte zientziak eta herritarren arteko topaketak uztartuz. Aurten, fokoa Yezidien genozidioan emanen da.
Haizebegi festibalaren hamahirugarren edizioa gaur abiatzen da, Baionan, Angelun eta Bastidan. Eta musika, gizarte zientziak eta herritarren arteko topaketak uztartuko ditu berriz ere, kontzertu, film, hitzaldi eta tailerren bidez. Denis Laborde, CNRSeko ikerlariak eta Haizebegi-ren sortzaileak azaldu digunez, publiko fidela lortu dute 13 urtez: "Baldintza zailetan ari gara, beste asko bezala. Gure festibalak formatu berezia du [Oharra:2 astekoa da], eta ez da beti erraza azaltzen. Baina liluragarria da. Oro har, behin etortzen direnak hurrengo urteetan ere itzultzen dira."
Yezidi Komunitateak jasandako genozidioa ardatz nagusi
Programan, besteak beste, MusiKautisme proiektuak, musikaren eta autismoaren arteko loturak landuko ditu. Bestalde, Vigüela taldea eta Sara Cano dantzaria ere izanen dira programan, baita Xabier Zeberioren Pause proiektua. Azken honek azaldu digunez, festibala berriki deskubritu du. Eta Ipar EHn parada gutxi izan du jotzeko. Baina aldi honetan, berezia izanen dela azaldu digu: Baionako Kontserbatorioko Orkestrarekin emanen du Pause (Erreportaian entzun daitekeena).
Azken asteburuan, Yezidien genozidioa, erbestea eta kultura izanen dira ardatz nagusiak. Julen Achiaryk eta Hussein Lawandek elkarrekin kantatuko dute, eta Rusan Filiztekek eta haren taldeak festibala hetsiko dute. "Duela bi urte eta erditik, genozidiotik bizirik atera ziren pertsonak bilatzen ari naiz, gonbidatzeko. Beraz, prozesu luze baten emaitza da hau" azaldu digu Labordek. Baionan izango dira urriaren 16tik 18ra, hitzaldietan parte hartzeko. Gobernuz kanpoko erakundeetako abokatuak izango dira bertan. Ikertzaileak eta sarraskitik bizirik atera ziren pertsonak ere etorriko dira.
Egitarau osoa eta sarrerak Haizebegi festibalaren webgunean atzemanen dituzue.
