2015eko azaroaren 13ko Pariseko atentatu islamisten biharamunean, Schengen espazioko arauak bere gisara moldatzen hasi zen Frantzia, eta gaur arte erregularki jartzen ditu frantziar poliziak kontrol permanenteak bere mugetan.
Hamar urte bete dira Frantziar gobernuak mugetako kontrolak indartu zituenetik. Etorkinekin Diakité, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Cimade edo Medecins Sans Frontières erakundeek deiturik bertzeak bertze, elgarretaratzea izan zen larunbat goizean Hendaian, frantses estatuko bertze lau herritan bezala. Europar Batasuneko barne mugetan kontrolak berrezartzeak, hamar urtez pertsona erbesteratuen eskubideak zapuztu dituela salatu zuten bertan, gure eskualdeko kasuan heriotzak ere eragin dituela oroitarazi zuen Aintzane Lasarte Bidasoa Etorkinekin elkarteko kideak. Izan ere, azken hamar urteetan Bidasoan itota edo Ziburun trenak harrapatuta gutxienez bederatzi migratzaile zendu dira.
Hamar urtez kontrolak eman badituzte, urtean birritan Schengen akordioko arauen malgutzea galdegin behar izan du Frantziak, sei hilabeteko salbuespenak aurreikusiak baititu hitzarmenak. Lasartek zehaztu duenez, Frantzia da Schengen espazioko herrialde bakarra etengabe eskatzen duena salbuespenen berritzea.
Errefuxietuen egoera, hobetzetik urrun
Gai berarekin, urtarriletik landa Europar Komisioak iaz onartutako Asilo eta Migrazio hitzarmena martxan jarriko da. Batasunaren kanpo mugetan migratzaileak “filtratzea” ahalbidetuko du, erretentzio zentro masiboak, estatistikak eta Batasunaz kanpoko herrialdeekin kolaborazioa baliatuz.
Gainera, estatu bakoitzak urtean aztertuko dituen asilo eskaera kopuru bat finkatzeko aukera izanen du, eta estaturen batek ez badu errefuxiaturik hartu nahi aski izanen du besteak diruz konpentsatzearekin. Asilo eskaerarik egin ez duten edo eskaera ukatu dieten migratzaileak Europar Batasunetik kanporatzea are errazagoa izanen da heldu den urtetik landa lege berriarekin.