2024an sortu zuten ofizialki Harpea marka, behi pirenaiken haragia hobeki ezagutarazteko eta saltzeko. Kasik 10 urteetako lanaren segida da markaren sortzea.
Behi ttipia da behi pirenaika, xuria edo gorria, adar luzeekin. Blonda baino haragi gutiago ematen du, baina ama ona da eta emankortasuna ona du. Aspaldidanik ezaguna da Iparraldean, baina duela 10 bat urte arte, kasik osoki desagertua zen. Lehen, etxaldeetan nagusi zen eta behi gorria deitzen zuten. Etxeko lanetan baliatzen zuten, esnea ematen zuen eta bere haragia ere jaten zen. Baina 1960 hamarkadatik goiti, gobernuak bultzatu zituen beste arraza batzuk, ekoizpen batean edo bestean berezituagoak baitziren. Produktibismoaren ondorio bat izan zen behi gorrien abandonatzea.
Peio Eliceitsen behi pirenaikak. IRULEGIKO IRRATIA
Behi pirenaikaren berpiztea Iparraldean
2010-2015 urteetan zen dinamika berriz sortu behi pirenaiken inguruan Ipar Euskal Herrian. Erran behar da hala ere eskuin ezker beti egon zirela kabala batzuk, adibidez Aldude eskualdean. Baina Biarnon eta Nafarroan zuten gehienik behi arraza hori atxiki.
2010 hamarkadan, hazle batzuk behi pirenaikak erosi zituzten Nafarroan eta Iparraldera ekarri. Euskal Herriko Laborantxa Ganbara bultzaturik, talde ttipi bat hasi biltzen, lehen trukaketa batzuendako. Azkenean, 2016an Iparraldeko Pirenaika elkartea sortu zuten. Orduan, helburutzat hartu zuten haragiaren hobeki baloratzea eta saltzea, horien arabera tratulariek ez baitzuten aski gora pagatzen. Bezero berrien bilatzen hasi ziren ere.
Araudi kaieretik marka berrira
Peio Eliceits da gaur egun Iparraldeko Pirenaika elkartearen lehendakaria. Gure mikroan esplikatu du "hastapenetik ez [zutela] ikusten prezio baten ematea, araudirik gabe parean". Hastapenetik zuten muntatu beraz araudi kaiera. Horren errespetatzeko, hainbat betebehar dituzte hazleek. Kabalak mendira igorri behar dituzte, saltzen diren kabalak arraza garbikoak izan behar dute (aita eta ama pirenaikak) eta Euskal Herrian sortuak eta haziak izan behar dute. Horrez gain, hormonarik ezin dute baliatu hazleek, kabalen adarrak ezin dituzte moztu, eta ensilage-a ere debekatua da.
Hastapenetik ez genuen ikusten prezio baten ematea, araudirik gabe parean.
Baina urteak joan arau, Iparraldeko Pirenaika elkarteko hazleak ohartu ziren araudi kaiera hori ez zela aski. Beste hazle batzuk nahi bazituzten behi pirenaikak hazi eta saldu araudi kaiera bete gabe, elkartekoek ez zuten deus egiten ahal. Marka baten sortzeko prozesua hasi zuten. Bi urtez eztabaidan izan ondotik, iaz sortu zuten azkenean Harpea marka.
Ezterenzubin da Harpea. Mendian den toki ezagunaren izena hautatu dute marka berriarendako. WIKIPEDIA
Marka berritik sor-markara?
Izena, arraza, marka, ekoizpena edota araudia; Iparraldeko Pirenaika elkartekoek dena eskutan dute sor-marka ofizial baten sortzeko. Peio Eliceitsek azpimarratu du preseski Frantzian sor-marketaz arduratzen den INAO egiturarekin jadanik bildu zirela. Baina prozesu luzea da sor-markaren muntatzea, eta ez da berehala eginen. Ez da oraindik elkartearen lehentasunetan. Peio Eliceitsen erranetan, Harpea markak behar du lehenik "iraun eta garatu".