Arberatze-Zilhekoa (Baxe Nafarroa)

Hasi dute EHZ festibalaren desmontaketa igande arratseko tenpestaren ondorioak aztertu ondoren

Igande arratseko ekaitzak festibala bertan behera uztera behartu zuen. Pentzeetatik zenbait auto traktoreekin atera behar izan zituzten. Antolatzaileek 30.edizioaz bilan ona egin dute.

Hasi dute EHZ festibalaren desmontaketa igande arratseko tenpestaren ondorioak aztertu ondoren
Hasi dituzte desmontaketa lanak EHZ festibaleko laguntzaileek, hiru eguneko jaialdiaren ondoren. EUSKAL IRRATIAK
Jose Luis Aizpuru
2026/06/29 16:21

Euskal Herria Zuzenean festibalak bere parioa irabazi du 30.edizio honetan ere. Festibala belaunaldien arteko bilgune izan dela azpimarratu dute antolatzaileek: "EHZren komunitatea osatzen duten hainbat belaunaldiren bilgune izan dira Nafarroa-Behereko plaza eta pentzea. 800 laguntzailerekin ekina, 300 artista baino gehiagoren sormena eta milaka festibalariren taupadek bizkortu dute auzolanean antolaturiko jaialdi honen bihotza.


Hamar eguneko muntaketaren ondoren, desmontaketaren tenorea heldu da astelehen honetan, eta deialdi berezia egiten dute antolatzaileek, jendea hurbil dadin eskukaldi baten botatzera. Igande arratseko tenpestak ez ditu lanak eztitu, eta, festibala bertan behera utzi beharrak ere buruko min franko sortarazi die antolatzaileei. "Festibalarien segurtasuna bermatzeko beharrezkoa zen dena egin dugu: elektrika moztu, laborarien laguntzarekin aparkalekutik autoak atera eta behar zuten guziei Arberatzen lo-lekua zein afaria eskainirik. Atzoko egoera kolektiboki arduraz kudeatu dugun ber gisan, laguntzeko prest dagoen orori dei egiten diogu desmuntaketa lanetan laguntzera etor dadin aste honetan", ohar bidez adierazi du EHZko komunikazio taldeak.


Ostiral gauean izan zen erasoaren karira, EHZko oharrak dio, festibalari batek laguntzaile bati eraso fisikoa egin ziola, horren ondotik beste hainbat gertakari izan ziren: "Gure segurtasun batzordea erasoaren lekura bertaratu zen, egoera kudeatu eta laguntzailearen ongizatea bermatzeko, gure protokoloetan aurreikusten dugun moduan. Zoritxarrez, festibalari horrek sorospen zerbitzuko kideei ere egin zien eraso. Horren ondorioz, sorospen zerbitzuak gure festibalean plantan ezarritako dispositiboa bertan behera uzteko erabakia hartu zuen. Egoera honen aitzinean, EHZk larunbat goizetik sorospen zerbitzu berria jarri zuen abian festibalari ororen segurtasuna eta zaintza segurtatzeko, hamaika mediku, erizain eta bolondresen laguntzarekin", dio EHZren prentsa oharrak.

Interesgarri izanen zaizu