Baiona (Ipar EH)

Haur eta helduen babeserako erakundeko langileen greba: bi egituraren desegiteak kezka piztu du

'SEAPB' Ipar Euskal Herriko 'haur eta helduen babeserako erakundearen' barne-berregituraketak salatzeko elkarretaratzea egin dute Baionan. Langileek erabaki diren berregituratzeei buruz informazio falta eta ondorioak salatu dituzte.

Haur eta helduen babeserako erakundeko langileen greba: bi egituraren desegiteak kezka piztu du
Bost sindikatuk antolatu zuten elkarretaratzea Baionan Ipar Euskal Herriko haur eta helduen babeserako erakundearen desegitearen aurka. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2025/11/28 10:05

400 langile inguru dituen Ipar Euskal Herriko haur eta helduen babeserako erakundeko (SEAPB) langileek elkarretaratzea egin dute Baionan, Pirinio Atlantikoko departamenduaren egoitzaren aitzinean. Joan den otsailetik, departamenduak behin-behineko administrazio kontseilu bat ezarri zuen, erakundearen antolaketan arazoak eta harrera baldintzen okertzea ikusita. Orduan, zuzendaritza orokorra kanporatua izan da eta behin-behineko administrazio taldeari berregituratze proiektu baten aurkeztea eskatu zion departamenduak.

Erabaki horien ondorioz, SAU - urgentziazko harrera zerbitzua - eta Lanerat -zailtasunetan diren haurrak aterpetzen dituen Baionako egitura - desegiteko asmoa iragarri dute, erakundearen elkartea ohartarazi gabe. Langileek salatzen dute informazio eskas eta lausoa ukan dutela, eta ez dakitela nola aipatu etorkizuna artatutako gazteei. Margaux-k, deseginen duten Lanerat egiturako langileak, berretsi du ez dutela informaziorik ez haurren kokaleku berrietaz, ez euren lanpostuen geroaz.

Elkarretaratzean, bost delegatu sindikal departamenduaren egoitzan hartu dituzte. Han baieztatu diete SAU eta Lanerat azpiegiturak deseginen direla, baina aldi berean lasaitu nahi izan dituzte, erranez langileak ez dituztela kanporatuko. Hala ere, departamenduak 90 bat gaztetatik 72 beste egitura eta elkarte batzuetan sakabanatzeko asmoa du, eta hori guztia behin-behineko administrazioak otsailean amaitu aurretik gauzatzen ari dela ulertzen dute langileek.

Nathalie Balthazar LAB sindikatuko delegatuak dio krisi instituzionalak eguneroko lanean eragina duela: langileak bakarrik sentitzen direla, jarraipenik gabe eta antolakuntza egonkor baten faltan. “Langileek gaitasun handiak dituzte, baina akitzen ari dira. Guk nahi genuke berriz elkarrekin lan egin eta babeserako erakundeari bere ohiko kalitatea itzuli”, adierazi du.

Interesgarri izanen zaizu