Ostiralean iragan dira Intxauzetako solasaldiak, eta goizeko hitzaldien ondotik, atsaldean iragan da eztabaida handia, alderdi desberdin batzuen ordezkarien artean ikusteko bakotxak nola landu zuen gaia.
Etxebizitzaren gaia nola landu dute hauteskunde presidentzialetan aurkeztuko diren alderdi desberdinek? Hori zen ostiralean Bunuzen iragan den eztabaidaren galdera handia. Urtero bezala, Intxauzeteko solasaldietan etxebizitzaren problermatikari buruz gogoetak eraman nahi izan dituzte.
Goizeko mintzaldien ondotik, eztabaida iragan da arratsaldean. Hor ziren Jacques Baudrier komunistendako, Albéric Boudy Errepublikanoendako, Iñaki Echaniz sozialistendako, François Jolivet Horizonendako, Annaïg Le Meur Ensemble Pour la République alderdiarendako eta Eric Piolle ekologistendako ordezkariak. Etxebizitzaren krisiar hor dela errateko ados baziren politikari guziak, arrapostuaren atxemateko momentuan dira desberdintasunak agertu.
Eskuinaren edo ezkerraren aldetik, ordezkari guziek bloke zentralaren kritika egin dute, azpimarratuz azken hamarurteetan etxebizitza mailan ez dela deus egina izan. Galdera batzuen pausatzeko hor ziren etxebizitza arloko profesionalek ere bat egin dute kritika horrekilan, eta zentroko bi ordezkariek ahal zuten bezala defenditu dute beren burua, azpimarratuz lan batzuk eginak izan zirela han hemenka.
Krisiaren arrapostuei dagokionez, kasik karikaturazko maneran agertu dira eskuina eta ezkerraren arteko desberdintasunak: Errepublikanoendako lege desberdinen arintzea eta fiskalitatearen apaltzea beharrezkoak badira eragile pribatuen motibatzeko, alderantziz komunistendako, sozialistendako edota ekologistendako, beharrezkoa dira legedi azkarrak eta inbestizamendu publiko gottorak.
Politikari guziek eskertu dituzte goizeko hitzaldiak, eta bederen bik Alain Hiriarten hitzak berriz hartu dituzte: behar zakote herritar guziei etxebitza bat eman, batzuei bigarren bat eman baino lehen.
Etxebizitzaren arloko hamarka eragilek parte hartu dute Intxauzetako solasaldietan. IRULEGIKO IRRATIA
Parte hartzaile guzien artean zen besteak beste ALDA. Lehen aldia zen elkartea gomit zela eta Xebax Christy ordezkariak gure mikroan aitortu du beren lanaren ezagutua delako marka bezala ikusi dutela. Eztabaidaren komentatzea galdegin dakogu: