Hendaia (Lapurdi)

Hazkurri Bankuak boluntarioak behar ditu neguko elikagaien bilketarako

Azaroaren 28tik 30era Hendaiako saltokietan antolatutako janari bilketa kanpainan laguntzeko 10 bat boluntario behar ditu Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak. Iaz, 1.300 tona baina gehiago banatu zituzten, Gurutze Gorriarekin batera.

Hazkurri Bankuak boluntarioak behar ditu neguko elikagaien bilketarako
Hazkurri Bankuko bi bolondres, Baionako biltokian janaria biltzen. IPAR EUSKAL HERRIKO HAZKURRI BANKUA
Antxeta Irratia
2025/11/26 17:18

Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankua, Gurutze Gorriarekin elkarlanean, neguko janari bilketa kanpaina antolatzen ari da, eta azaroaren 28an, 29an eta 30ean urtero egiten duten bilketa egiteko 10 bat laguntzaile xerkatzen ditu Hendaian. «Behar gehien dutenentzako» hiru orenez Hendaiako saltokien atarian egoteko boluntarioak behar dituzte. Parte hartzeko aski da 05 59 55 28 11 telefonora deitzea 9:00tatik 12:00era, edo helbide honetara idaztea: ba641@banquealimentaire.org.

Hazkurri Bankuko ordezkariek oroitarazi dutenez, Ipar Euskal Herrian ez dute inoiz atsedenik hartzen, eta karitatezko elkarte askok udan eta eguberrietan hesten dutenez, hutsune horri erantzuteko helburua dute Baionatik kudeatzen duten Hazkurri Bankuko boluntarioek. Joan den udan, adibidez, Baionako eguneko zentroa itxi eta hiru astez 300 familia eta 800 pertsona baino gehiago hartu zituzten. Izan ere, Hazkurri Bankuak azpimarratu du «elikadura-prekaritatea ez dela pausan jartzen».

Iaz, guztira, 1.300 tona janari banatu zituzten, gehienbat gazteei, adineko pertsonei eta ama bakarrei. Aña Mari, Hazkurri Bankuko laguntzaileak azaldu digunez, hauek dira gehien dituzten profilak. Hain justu, soilik Hendaiako Gurutze Gorria erakundeak astero 1,5 tona janari banatzen du, asteazkenetan Intzura industriagunean egiten duen janari banaketan. Bertan beharretan diren 120 familiak parte hartu ohi dute batez bestean. 

Interesgarri izanen zaizu