Adineko pertsonek dituzte berotearen ondorioak gehienik pairatzen. Hazparneko CCAS ekintza sozialerako zentroak neurriak hartzen ditu beren zaintzeko eta artatzeko, egun guziz beren berriak hartuz.
Hazparneko CCASean lau langile dira: hiru arta eta zerbitzuetaz okupatzen direnak, eta idazkari bat. Adineko pertsonen, elbarrituen eta gazteen zaintzan berezitua den zentroa da. Lan mota desberdinak dituzte, adibidez haurrak etxeko lanetan laguntzea, edo adineko pertsonen etxera joaitea laguntza eramaiteko. Azken asteetan bezalako berote garaietan, gainera, pertsona horiek dira zaurgarrienak, eta laguntza gehigarria behar dute. Marie Françoise d’Urruty, CCASeko administrazio kontseiluko kidearekin mintzatu gira.
Hunen erranetan, ekintza sozialerako zentroak erregistro bat badu laguntza behar duten pertsonen izenekin. Langileek egun guziz deitzen dituzte, nola diren jakiteko eta beroari aurre egiteko kontsignak emaiteko: ur ainitz edatea, leihoak zerratzea, arratsaldetan etxetik ez ateratzea, arratsetan dena idekitzea... Pertsonak telefonoan erantzuten ez badu, bere etxera joaitea ere gertatu zaie, dena ongi doala segurtatzeko.
Elgar zaintzari esker
CCASak harremanak ditu beste egitura eta lanpostu batzuekin, hala nola erizainekin eta etxeetan garbiketan edo erosketen egiten lanean ari diren laguntzaileekin. Horiek zerbait gaizki dela ikusten badute, CCASa deitzen dute. Departamenduko sozial mailako langileak ere badira, APA hunkitzen dutenez okupatzen direnak, eta hauek ere CCASa abisatzeko ahalmena dute.
Egitura horiez aparte, CCASak gauzak jakiteko manerak ditu. Batzuetan seme-alabek edo haur ttipiek galdegiten dakote beren familiako baten segitzea. Bestalde, bakarrik bizi diren adineko pertsonen izenak urte guzian zehar erregistroan dira, ez bakarrik berote garaian. Marie Françoise d’Urrutyk kontseilatzen die CCASari beren egoeraren berri emaiteko, eta dei egiten dio bakotxari bere auzoan zaurgarrienak diren pertsonak zaintzeko eta ez bakarrik uzteko.
Hazparneko CCASa telefono zenbaki huntan kontaktatzen ahal da: 05 59 70 29 07. E-mail helbidea ccas@ville-hasparren.fr da.
Gela klimatizatuak
Elkartasuna eta elgarren arteko zaintza ardatz, Hazparneko herriko etxeak ere urrats bat eman du berote garaietan jendea babesteko. CCASen egoitza kokatua den eraikinean berean, Zerbitzu Publikoen Elgar etxean, bi gela klimatizatu ideki ditu Hazpandarrentzat, mediatekan eta bigarren estaian. Nahi duen oro harat joaiten ahal da arratsaldea pasatzera, liburu eta joko artean.