Buruilean hasiko da kirolari ainitzendako sasoin berria, baina gehienek prestaketa lanetan hasten dira uda betean. Hazparneko HFC futbol taldeko U18 gazteendako, lagunarteko partida batzuen bidez egiten da prestaketa hori.
Kirolari gazteek ere, sasoin berriendako prestaketa seriosa egiten dute. Hazparneko futbol taldeko gazteek, 18 urte petikakoek, lagunarteko partidak egin dituzte pasa den astean, Xapitalia zelaian errezebituz beste bi talde.
Hiru talde ziren Hazparneko zelaian joan den asteazkenean: Hazparneko HFC , Baionako Aviron eta Donostiako Erreala. Futbolari gazteek 45 minutuko anaitasunezko partidak egin zituzten, udako pausaren ondotik erritmoan berriz sartzeko gisan: Baionak irabazi zuen Hazparneren kontra 3 eta 2, Errealak Baionaren kontra 4 eta 0 eta azken partidan ere Erreala nagusitu zakon Hazparneri 2 eta 0.
Erran behar da Donostiako Errealak partaidetza bat baduela Hazparneko HFC eta Baionako Aviron taldeekilan. Hunen bidez, artetan Iparraldeko taldeek Donostiako heziketari batzu etorrarazten dituzte, entrenamendu berezi batzuen antolatzeko. Eta lagunarteko partidak ere antolatzen dituzte bazutan. Errealarendako, parada ona izaten ahal da jokolari berri batzuen begistatzeko eta Donostiara ekarrarazteko.
Beti zona hontara etortzen girenean, nahiko talde gogorrak izaten dira aurkariak.
Aldi huntan, Errealako jokolari gazteak nagusitu ziren Hazparneko zelaian, baina Xabier Artetxe Errealako entrenatzaileak baieztatu zaukun partida horiek beti interesgarriak zirela horien jokolariendako. Iparraldekoek jokoa desberdina izanki, batez ere fisikoagoa, beti zerbait ikasten dutela hegoaldekoek erran zaukun.
Orain Hazparneko eta Baionako taldeendako, sasoina buruilaren 6an hasiko da. Multxo berean izanen dira bi taldeak, Bordaleko, Landesetako eta Biarnoko beste 10 talderekin.