Hazparnen eta Ortzaizen edateko ura erabiltzeko murrizketak aktibatu ditu prefekturak

Alerta mailan eman ditu Hazparne, Ortzaize eta Biarno osoa Pirinio Atlantikoetako prefekturak: 8:00tatik 20:00tara debekatua da baratze eta kirol eremuak ureztatzea, bertzeak bertze. Hainbat erreka eta ibai behar baina idorrago dira.

Hazparnen eta Ortzaizen edateko ura erabiltzeko murrizketak aktibatu ditu prefekturak
Momentuz murrizketek ez diote laborantzari eragiten. Khanh Dang/PEXELS
Aimar Lopez Erasun
2026/07/09 08:47

Azken asteetako beroteen eraginez idortea sentitzen dela eta, Prefeturak alertan ezarri ditu Hazparne eta Orzaizeko herriak ur edangarriari begira. Horrek erran nahi du debekatua dela lorategiak ureztatzea goizeko zortzitatik arratseko zortzitara, autoak garbitzea edo igerileku pribatuak metro kubiko batez baina gehiago betetzea.

Hurbiletik zaintzen dituzte ere Errobi, Uhabia eta Iholdiko errekak ere. Astero kontrolatzen dituzte heinak, neurriak horren arabera egokitzeko.

Laborantzan murrizketarik ez, momentuz

Momentuz laborantzarekiko neurririk hartu ez bada ere, aitzineko uda sasoietan idorteek halakoak ekarri zituzten. Aturriko haranean estatuak uda garaian inposatzen dituen ureztatze murrizketek laborantza sektorea gogor kolpatzen duela salatu zuten joan den astean Akitaniako eta Okzitaniako laborantza ganberek.

Orotara, 1.600 lanpostu arriskuan direla diote, 135 milioi euroko negozio zifra galdu daitekeela urtero eta murrizketak jasotzen dituzten ustiapenek diru sarreren %40 galtzen dutela. Ureztatzea ezinbertzekoa dutela oroitarazi dute laborantza ganberek, eta hortaz, neguko euri uraren zati "ñimiño" bat bildu ahal izateko inbertsioa eskatu dute, horrek udan behar bertzeko ura emanen lukeelakoan.

Interesgarri izanen zaizu