Heleta (Ipar EH)

Heleta txotxongiloen esku

Soropila elkarteak berpiztu du Txotxongiloen festibala Heleta Santa Marian, mota eta izari orotako munakak ikusi dituzte jiniko familia ugariek. Animazioa irauteko berrabiatu dute, dena ongi bidean, heldu den urtean ere ikusi beharko genituzke.

Heleta txotxongiloen esku
Heletako txotxongilo festibaleko emanaldi bat: Le Cercle. EUSKAL IRRATIAK
Ainize Madariaga
2026/09/14 13:36

Txotxongiloen festibala ospatu dute buruilaren 12an Heleta Santa Marian. Etxe gotorrerat sar eta handitasun horren xoko-moko guziak hartu dituzte txotxongiloek. Bisitariak eskailera monumentaletan goiti eta beheiti ibilarazi nahian, pista-jokoa prestatua zieten antolatzaileek, ikusleak ere aktore bilakaraziz. Baratzeko anfiteatroan haien lan mutua erakutsi dute Fanny Marmayouk eta Melissa Tuckerrek: etxeetako bortizkeria lantzeko, oihalezko txotxongiloa dantzarazi dute lau eskuen artean, bi arizaleak ere taula gaineratuz, helduek hartzen dituzten hautuek ondorioak dituztela irudikatu nahi izan dute. Eta hori, txotxongiloak gorpuztu du. Le Cercle izeneko obrak naturarekiko adiskidantza akuilatu nahi izan du, sutik hurbil zurezko txotxongiloak ariaraziz.

Battitt Halzuetak Andde aingerua berpiztu du festibalaren karietarat, eta biziki konent zen hori eginik. Txotxongiloa eta bere kreatzailearen arteko dialektika ezarri du jokoan, umorea eta emozioa lagun. Ororen buru, bien arteko elkar-dependentzia ohoratuz. Itzal-jokoak ere bere tartea ukan du, irudi eta musika alegerek lagundurik. Nola ez, Chantal Barnetxen kamishibaiak ere arrakasta kausitu du, Lafontainen Erbia eta dordoka alegia kontatuz, arta handiz eraikiriko apainketek lagundurik. Afaldu aitzinttoan, Basajaun jalgi da baratzerat eta Jane Tucker etxeko anderearekin baltsa dantzatu du, inguruan zituztelarik haur eta heldu franko halako puxika handiez eraikiriko txontxongilo hegalariak airearazten.

Festibala hetsi du kabaretak

Soropila elkarteak du txotxongiloen festibal hau berpiztu, baitziren hogei urte ez zela gehiago halakorik. Heleta Santa Maria etxeko alabek eta Battitt Haltzueta eta beste batzuek juntatu dira, eta "Elkarrekin jostatzeko" berrabiatu dute hau, iraunarazteko ideiez: heldu den urtean berriz ikusi beharko baikenituzke!

Interesgarri izanen zaizu