Hendaiako Concha Berri osasun zentroko langileek greba egin dute gaur

Lan baldintzen okertzea salatzen dute 63 paziente artatzen dituen osasun zentroko langileek. 2021ean hartu zuen gunearen zuzendaritza Itinova taldeak.

Hendaiako Concha Berri osasun zentroko langileek greba egin dute gaur
40 bat langile mobilizatu dira gaur haien lan baldintzak salatzeko. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/02/05 16:03

Itinova osasun talde pribatuko langileak greba mugimenduan dira Frantzian, eta Hendaiako zentroa taldearen baitan den heinean, geldialdia egin dute gaur. Hilabeteroko 100 euroko ordainsari gehigarri bat kendu nahi die langileei taldeak, eta horren aurka mobilizatzeko deia egin dute estatu mailan. 55 minutuko geldialdia egin dute Concha Berriko langileek, 13:00etatik 13:55era.

Langileek Itinova taldeko lehendakariari bidalitako guntun batean salatu dute langileen eta enpresaren arduradunen arteko urteroko nahitaezko negoziaketa etena dela, eta negoziazioa berriz hartzeko ere galdegiten dute. Langileek salatzen dute osasungintzako langileek "logika finantzarioak" gidaturiko erabakiak pairatzen dituztela, eta honek lan baldintzak kaltetzeaz gain artak ere okertzen dituela. Jean Louis Lacalle langileak azaldu duenez, negoziazioak abendutik geldituak dira, eta berriz martxan jartzea eskatu dute. Erantzunik jaso ezean, mobilizazioekin jarraitzea ez dute baztertzen.

Itinova taldeak —irabazi asmorik gabeko elkartea da— 71 egoitza ditu, gehien bat Frantzia Hego-Ekialdean. 2014an berritu zen Hendaiako La Concha birgaitze zentroa, Concha Berri bilakatuz, eskaintza osoagoarekin. 2021ean hartu zuen egituraren ardura Itinovak, eta geriatria, adiktologia, zaintza paliatiboa eta hezkuntza terapeutikoa eskaintzen ditu. Orotara, 50 ohe ditu denbora osoko zaintzan eta bertze hamahiru denbora partzialean. Hainbat kanpo kontsulta ere hartzen ditu, hala nola adikzioei ingurukoak eta ginekologiakoak. Concha Berrik 63 paziente artatzen ditu, eta langileek azpimarratu dute mobilizazioa “arduratsua eta pazienteekiko errespetuzkoa” izan dela.

Interesgarri izanen zaizu