Hendaia (Lapurdi)

Hendaiako eliza berritzeko proiektua martxan

Herriko etxearen eta plazaren berritzearen ondotik, Hendaiako eliza da hurrengoa. Monumentu historiko honek berrikuntza sakonak izango ditu 2025eko urrian abiatuko diren obretan.

Hendaiako eliza berritzeko proiektua martxan
Herriko Plaza berritu eta, orain Herriko Etxeak XVII. mendeko Eliza berritu nahi du. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/06/18 15:27

Hendaiako Herriko Etxeak eta Ondarearen Fundazioak diru bilketa kanpaina abiatu dute eliza zaharberritzeko. Guztira, proiektuak milioi bat euroko kostua izango du, eta 120.000 euro biltzea dute helburu. Azken zaharberritzea 1986an egin zen, eta orduko lanek arazoak sortu dituzte: hormigoizko paretek hezetasuna pilatzen dute, eta horregatik, orain kareaz ordezkatuko dira hormek arnasa har dezaten.

Altzariak eta barneko elementuak ere berrituko dira, eta berokuntza sistema gasetik elektrikorako trantsizioa egingo da. Gainera, usoen gehiegizko hazkundea kontrolatzeko, falkoientzako habiak jartzea aurreikusi dute. Sustatzaileen hitzetan, eliza "guztion artean" berritu behar da, belaunaldi berrientzat eta etorkizunerako.

Dirua emateko, hemen atzeman dezakezue diru bilketa.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu