La Cimade elkarteak Darmanin legearen ondorioak ere salatu ditu, horrek baldintza gero eta txarragoan ematen baititu erretentzio zentroan diren pertsonak.
La Cimade elkarteak salatu du pertsona gutxiago atxikitzen dituztela Hendaiako erretentzio zentroan baina egonaldiak gero eta luzeagoak direla. Batez beste 33 egunez egoten dira zentroan, 2020an baino bi aldiz gehiago. Ondorioz luzaz egoten dira, eta pertsona gutxiago kanporatzen dira. Horrek pertsonen osasun psikologikoari kalte handia eragiten du, Cimade elkartearen arabera.
Bestalde, Cimadek 2024ko Darmanin legearen ondorioak salatu ditu. Egoera gero eta txarragoa dela diote. Hiru problematika eragiten ditu legeak Maite Etxeberri elkarteko langilearen arabera. Lehenik, lurraldetik kanporatzeko erabakia hartzean denean, ez dela gehiago egoera pertsonala kontutan hartzen, eta usu, mehatxuaren arriskua emendatzen dela, neholako ebaluaziorik egin gabe.
Frantziatik jendea ez kanporatzeko salbuespenak urritzen ari dira Darmanin legearengatik. Orain, kanporatzen ahal dituzte frantses nazionalitatea dutenen aita-amak, senar eta emazteak, baita hamahiru urte baino lehenago Frantziara etorri direnak ere.
Lege honekin distantziazko auziak sistematizatzen direla salatzen du Cimadek, lehen salbuespena zelarik. "Adibidez, auzi horien egiteko lekua sortu dute Hendaiako komisaldegiaren aitzinean. Hori uztailaren 1etik martxan izanen da eta abokatuek hautatu beharko dute: auzitegira joan epailearen aitzinean mintzatu nahi dutenez edo beren bezeroaren ondoan egon" adierazi du Maite Etxeberri Cimadeko kideak.
Cimadek bereziki aljeriarrek bizi duten egoera ere salatu du: Frantziak badaki ezin dituela kanporatu harreman diplomatikoak txartu direlako, baina halere zentroetan atxikitzen dituzte.