Hendaia (Lapurdi)

Hendaiako herri ihauterian, hauteskundeak, nazioarteko egoera eta gaztetxeko gorabeherak hizpide

Zirtzilak zirtzilkeriatan aritu ziren larunbatean Hendaian, bigarren urtez, auzoz auzo egindako ihauteri alternatiboan. Euskarak, euskal kultura ohiturek eta kritika politikoak ihauteri ofizialean ez duen lekua eman zioten Enbata gaztetxeko kideek.

Hendaiako herri ihauterian, hauteskundeak, nazioarteko egoera eta gaztetxeko gorabeherak hizpide
Enbata gaztetxeko kideek bigarren urtez antolatu zuten Hendaian herri ihauteria. ANTXETA IRRATIA
Aimar Lopez Erasun
2026/03/02 11:23

Iaz berreskuratu zuten ihauteri herrikoia ospatzeko ohitura Hendaian, Irati Fernandezen ekimenez. Aurten, hura gabe aritu dira Enbata gaztetxeko zirtzilak, eta ederki aritu ere, Orio auzoan hasi eta gaztetxea kokatua den Kaneta auzoraino antzerkia, dantza eta bertsoak eramanez.

Iraitz Garcia, Itzal Aranzabal eta Iker Almandoz Hendaiako zirtziletako batzuk dira, eta azaldu dutenez, azken bi hilabeteetan aritu dira antzerkia prestatzen. Hastapenean haietako batzuk idazten hasi baziren ere, testuak “funtzionatzen ez zuela” ikusi zuten, eta beraz talde osoan idaztea erabaki zuten. Zirtzil izpiritua atxikiz, goizean bertan erabaki zuten arratsaldeko agerraldiak Kanetako zer lekutan eginen zituzten.

Hendaiako libertimendu txikiko hiru agerraldietan ez zen hauteskundeei erreferentziarik faltatu, ezta nazioarteko egoerari ez gaztetxekoek haien buruari egindako kritikarik ere. Kotte Ezenarro auzapeza oposizioarekin batu izana herriko bozentzat, Hendaia Biltzenen eta Ezenarroren arteko maitasun eta gorroto istorioa edo Tristan Proteau hautagaiaren deiturarekin egin daitekeen hitz joko erraz bat, denek bildu zuten. Eta Trump Iran bonbardeatzen ari zen momentu berean, antzerkian ere agertu zen, World President Racedeitu zuten lehiaketan.

Bigarren urtea zuten Hendaian hamarkadatan ezagutu ez den ihauteri herrikoia egiten. Momentuz, formatu aski laburra izanik, ez dira libertimendu deitzera menturatzen, baina erreferentziak zein diren argi dute antzerkilariek. Baita inspirazioa nundik hartu ere, Iraitz Garciak azaldu duenez, Donibane Garazin izan baitira, bertako libertimendua ezagutzen.

Libertimendua ez da beraz momentuz, baina ihauteri herrikoiak behar diren osagaiak ditu, hiru antzerki agerraldirekin, eta tartean Akelarre dantza elkartekoen dantzaldi eta bertsoekin ere. Bertsotan, Maddalen Arzallus hendaiarra eta Igauri Lopetegi irundarra aritu ziren. Antzerkian erreferentzia egindako gaiak sakonago aipatzeko aukera dute bertsolariek, eta zirtzilek eta publikoak eskertzen dutela uste du Itzal Aranzabalek.

Bertsolari, dantzari eta zirtzil, hogeita hamar bat laguneko taldea ibili zen larunbatean Hendaian zehar, Orion hasi, eta plazatik pasatuz Kanetako porturaino. Bidasoak inguraturik, hemengo eta hango gaiak umorez, kritikaz eta zirtoz landuz. Eta aurten bigarren urtea bazuten, ondotik gaztetxean heldu den urtekoa nola egin pentsatzen hasiak ziren jada.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu