Tuteratik abiatutako "Ibaitik Itsasora" Palestinaren aldeko martxa Hendaiako Zokoburun bukatuko da larunbatean. Irungo CAF tren-ekoizlea eta Hendaiako Carrefour saltokiaren aurrean mobilizatuko dira, Gazako genozidioaren "konplize" direla salatzeko.
"Ibaitik Itsasora" martxa atzo sartu zen gure eskualde luze zabalean. Baita Doneztebera 200 lagunekin iritsi ere. Eta gaur Elizondoko bidea hartu ondoren, bihar Berara helduko da. Antolatzaileek parte-hartzaile eta aktibisten jarrera "eredugarria" azpimarratu dute, eta herriz-herri, baita Malerreka, Baztan eta Bortzirietan ere, martxa antolatzeko tokiko "udalek jarritako erraztasunak eta laguntza" eskertu dute.
Ostirala eta larunbatean, aldiz, Bidasoa ibaiaren bueltan ibiliko da Hendaiako Zokoburun ibaitik itsasorako bidea egiteko.
Irailaren 10ean Tuteratik Ebro ibaia Kantauro itsasoarekin lotzeko asmoz abiatu zenetik, herriz-herri palestinar herriarekin elkartasun sarea ehuntzeaz gain, tokian tokiko enpresa, administrazio publiko eta erakundeek Israelgo estatu sionistarekin dituzten harreman komertzialen bidez Gazako "genozidioaren konplize" direla salatu dute. Eta etapa guztietan, hitzaldi eta ekimen ezberdinak antolatu dituzte bertako eragileekin lankidetzan.
Irungo etapa eta manifestazioa
Nafarroa osoa zeharkatu ondoren, elkartasun hariak josten jarraituko dute gure eskualdean. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, irailaren 19an, ostiralean 9:00etan abiatuko dira Beratik, eta 12:30etan Behobiako ZAISA gunera iritsiko dira. 13:30ean martxari Ongi Etorria egingo zaio Irungo San Juan plazan. Bazkaria ere prestatu dute indarrak hartzeko Aranaztarra tabernaren eskutik. Eta arratsaldean, CAF tren ekoizlearen Irungo lantegia Israelgo estatuarekin dituen harremanak salatzeko mobilizatuko dira. 17:00etan "Genozidekin negoziorik ez!" lelopean manifestazioa abiatuko da San Juan plazatik, eta 18:00etan elkarretaratzea egingo dute Anaka kaleko 13.ean dagoen lantegiaren aurrean. Ondoren, zenbait hitzaldi eta kultur ekimen antolatu dituzte Lakaxita gaztetxean.
Elkartasun olatua Zokoburun
Bestalde, martxaren azken eguna ere, gure eskualdean iragango da. Avenida zubi sinbolikoa zeharkatuko dutela aprobetxatuko dute, egun osoko mobilizazio eta elkartasun eguna antolatzeko. Iragarri dutenez, mugari buruzko hitzartzea egingo dute Avenida zubian bertan 9:30ean. Ondoren, Carrefour supermerkatu multinazional frantsesak Israelgo militarren elikadura hornitzaile dela salatuko dute. Eta horretarako Hendaiako saltokiaren aurrean elkarretaratzera deitu dute 10:45ean.
Ondoren, 13:00an, martxa Zokoburun itsasoratuko da ekitaldi batekin. Arratsaldean, "Palestina 50 potretetan" Sabri Girouden liburuaren aurkezpena egingo dute, eta "Terre Promise" ikusgarri tragiko komikoa aurkeztu eta gero, bertsolariak eta Xiberoots taldearen kontzertua ere antolatu dute.