Herriko bozak: EHBaik Euskal Hirigune Elkargoa gogoan du

Herriko bozek Euskal Hirigune Elkargoaren etorkizuna ere baldintzatuko dute, EHBaik ohartarazi duenez. Mugimendu abertzaleak eskumen gehiago, gobernantza demokratikoagoa eta gai estrategikoetan aitzina egiteko beharra azpimarratu du EHBaik.

Herriko bozak: EHBaik Euskal Hirigune Elkargoa gogoan du
Txomin Casteigts eta Mathilde Hary EHBaiko boz eramaileek azpimarratu dute Euskal Hirigune Elkargoaren etorkizuna ere mahai gainean dela. EHBAI
Esteban Bastié Aguerre
2026/01/30 15:25

Herriko bozak hurbiltzen ari diren honetan, Euskal Hirigune Elkargoaren etorkizuna ere mahai gainean da. EHBaik ohartarazi du martxoaren 15eko eta 22ko bozek ez dutela soilik herrietako mapa politikoa marraztuko, baizik eta eragin zuzena izanen dutela Ipar Euskal Herriko lurralde egituraren norabidean ere.

Testuinguru politiko eta sozial ezegonkorrean, lurraldeak anbizioz jokatu behar duela diote Mathilde Hary eta Txomin Casteigts EHBaiko boz eramaileek, egungo eskumenak sendotuz eta urrats kualitatiboak eginez. Oroitarazi dute, gainera, Ipar Euskal Herriko gehiengo sozialak jadanik Estatus Bereziko Lurralde Kolektibitatea babestu zuela garaian, eta Frantziako Estatuak eskaera hori onartu ez bazuen ere, Euskal Hirigune Elkargoak lurraldeak bere burua antolatu eta gobernatzeko gaitasuna baduela erakutsi duela.

EHBaik argi erran du egungo egiturak muga eta hutsune nabarmenak dituela. Horregatik, heldu den mandatuan eskumen gehiago eskuratzeko eta gobernantza demokratikoago baten alde egiteko beharra azpimarratu dute, bereziki lurralde mailako ordezkariak sufragio unibertsalaren bidez hautatzeko aukerari dagokionez. Gai estrategikoei dagokienez, euskararen normalizazioa, etxebizitza, trantsizio ekologikoa, laborantza, mugikortasuna edo gobernantza hobetzea jarri dituzte lehentasunen artean.

Interesgarri izanen zaizu