(Ipar EH)

Herrietako bozetan, parekotasuna bermatu beharko dute herri txikiek ere

Mila biztanle baino guttiago duten herrietan ere emazte eta gizonen arteko parekotasuna segurtatu beharko dute hautagaiek 2026ko herrietako bozetan. Frantses parlamentuak onartu zuen neurria astelehen huntan.

Herrietako bozetan, parekotasuna bermatu beharko dute herri txikiek ere
Euskal hirigune elkargoko hautetsien %31 emazteak dira.
2025/04/09 10:10

Parekotasunaren aldeko legedia plantan da 2000 urtetik Iparraldeko 42 herritan, hots mila biztanle baino gehiago duten herrietan. Horri esker herriko kontseiluen aulkietan %41 emazteak dira eta hauetan 28 auzapez. Herri txikietan ere emazteen presentzia handitzeko beraz, neurria baikorki ikusten du Xole Aire 280 biztanle dituen Urepeleko auzapezak :

Nik arrunt positiboki ikusten dut dudarik gabe emazteek baitugu zerbait ekartzekoa, bai hauteskundeetan bai herriko etxeetan.

Parekotasuna legeak beharturik, zergatik ez, baina gauzak "naturalki" egin beharko litzatekela uste du Maite Echeverria Ozazeko auzapezak. Bere kasuan, hiru emazte eta lau gizon dira herriko kontseiluan. Baina naturalki egiteko parekotasunaren desmartxa, heziketa lan bat behar da :

Gizonak ez dira ohituak boterea uztera alde batetik. Eta bestalde, emazteen ausartzea. Gure heziketak ez digu erakutsi edo erran kapable garela eta behar dugula jo aitzina eta ausartu.

Emazteak hauteskundeetara aurkeztera bultzatzeko, Euskal hirigune elkargoko Berdintasun Batzordeak joan den martxotik abiatu du komunikazio kanpaina bat Eta zu bazina ? lemarekin. Gaur egun hirigune elkargoan, hautetsien %31 emazteak dira. Talde exekutiboan %26 dira.  

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu