Herriko Haragiaren astea berriz heldu da

Azaroaren 30etik abenduaren 5era iraganen da Herriko Haragiaren astea. Helburua, Ipar Euskal Herrian ekoitzitako haragia ezagutaraztea eta tokiko kontsumoa sustatzea da.

Herriko Haragiaren astea berriz heldu da
Aurten 7 jantegi kolektibok eta 7 jatetxek parte hartuko dute. HERRIKO HARAGIA
Esteban Bastié Aguerre
2026/11/26 09:43

Herriko elkartea 2013an sortu zen, tokiko haragiaren ekoizpen-saila garatzea posible zela erakusteko. Gaur egun, 350 hazle eta hiru hiltegirekin lan egiten du. Eta Azaroaren 30etik abenduaren 5era, berriz ere antolatu dute Herriko Haragiaren astea.

Helburua, Ipar Euskal Herrian ekoitzitako haragia ezagutaraztea eta tokiko kontsumoa sustatzea da, kontsumitzaileek jaten dutenari gero eta arreta handiagoa ematen diotelarik. Aurten, gainera, eskaintza indartzeko formula berri bat ezarriko dute: Bazkari eta afariak izanen dira, jatetxe guztietan eskuragarri aste osoan. Jatetxe bakoitzak Herriko Haragiarekin osatutako menu bat proposatuko dute, sukaldari bakoitzak haragia bere manerara kozinatuz.


Jantegi kolektiboetan, Mauleko eta Alozeko haurzaindegiek, Mugerreko sukalde zentralak, Hendaiako Irandatz kolegioak, Éole sukalde zentralak, Xibero Kantinek eta Angeluko Belle Fontaine adinekoen egoitzak parte hartuko dute. Jatetxeetan, berriz, Petit Grill Basque, Venta Gaxuxa, La Table Sébastien Gravé, AMA, Au Platane, Ilharregui Baita eta Chez Pitxe-k eskainiko dute herriko menua. Horiez gain, urrunagoko hainbat eragilek ere bat egingo dute: Capbreton eta Tarnosko jangela eta egoitzek, Lescar eta Biarno inguruko jatetxeek, Parisko Charlot Meudon harategiak eta Le Fumoir jatetxeak, Lyongo Le Canut et les Gones jatetxeak eta Toulongo Lyonnaise harategiak. Jatetxeen zerrenda ikusgai da Herriko elkartearen webgunean.

Interesgarri izanen zaizu