Hezkuntza ministroak EEP eta parlamentariak hartuko ditu baxoa euskaraz egiteko aukerez mintzatzeko

Heldu den astelehenean, urtarrilaren 12an, Peio Dufau, Colette Capdevielle eta Iñaki Etxaniz eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkaritza bat Édouard Geffreyrekin bilduko dira, Seaskak iragarri duenez, euskarazko irakaskuntzaz mintzatzeko.

Hezkuntza ministroak EEP eta parlamentariak hartuko ditu baxoa euskaraz egiteko aukerez mintzatzeko
Baxoa euskaraz egin ahal izateko eskubidearen alde mobilizatu ziren iazko ekainean Baionako Etxepare lizeoko ikasleak. ARTXIBOA/EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2026/01/08 10:00

Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren, instituzioen eta euskarazko irakaskuntzaren galdeei entzungor egiteari utziko ote dio Parisek? Heldu den astelehenean izanen da erantzun bat, baina bilkura bera adierazle ona izan daiteke. Urte luzez lehen aldiz, euskarazko irakaskuntza eta bereziki azterketak euskaraz egiteko aukera espresuki aipatzeko bilkura izanen da Parisen, Hezkuntza ministerioan, ministroarekin. Bilkurari esker, baxoko berezitasuneko frogak eta ahozko handia euskaraz egiteko aukera lortzea nahi luke Seaskak.

Seaskak prentsa ohar bidez iragarri duenez, "eztabaidak euskarazko irakaskuntzari eta ikasleek baxoko frogak euskaraz egiteko aukerari buruzkoak izanen dira". Itxaropentsu ageri dira bilkurari begira, urriaren 12an kargua hartu zuen Édouard Geffrey ministroa murgiltze ereduaren alde agertu baitzen 2021eko zirkular batean, artean Eskola Irakaskuntzaren Zuzendari Nagusia zelarik.

Bilkuran, bertzalde, Jean-Marc Huart Bordeleko Akademiako errektorea ere izanen da, eta hura brebeta eta baxoa euskaraz egin ahal izateko pausuak egitearen alde agertu zen iaz, maiatzaren 23an euskarazko irakaskuntzak Baionan antolaturiko danborrada jendetsuaren ondotik.

2025eko udan Eskola Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiarekin eta Lehen Ministroaren zerbitzuekin egindako hainbat bilkuretan argitu zen baxoko azterketak euskaraz zuzentzeko espezialitateetan aski irakasle euskaldun kualifikatu badirela, eta Matignonek onartu zuen hori hala izanez gero ez zuela azterketa horiek euskaraz egitearen aurka joko. Orain, beraz, traba teknikoak gainditurik, egingarritasunari begira jarri nahi luke Seaskak.

Interesgarri izanen zaizu