Ikasle Antolakunde Sozialistarentzat, eskatutakoa ez dute betetzen, eta jasandako errepresioa ikusita, mobilizatzen segitzeko beharra ikusten dute.
Bost astez mobilizatu ondotik, ikasleen haserreari erantzuteko neurriak iragarri ditu Frantziako gobernuak. Parcoursup plataforma 2028an ordezkatuko dute, eta 15.000 leku berri sortuko dituzte goi-mailako ikasketetan. Lizeoetan, ikasgelak 28 ikaslera mugatu nahi dituzte, eta 500 irakasle-lanpostu sortu. Bestalde, diru gehiago emanen dute ikastetxeak eta unibertsitateak berritzeko, eta ikasleen bekak inflazioaren arabera egokituko dituzte 2027tik goiti.
Baina hainbat ikasle mugimenduk diote ez dela aski. Horien artean, Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS). Haien ustez, eskatutakoa ez dute betetzen, eta jasandako errepresioa ikusita, mobilizatzen segitzeko beharra ikusten dute.
Bestalde, iragan asteburuan manifestariek errepresio bortitza jasan dutela salatu du IASek: hamar lagun atxilotu dituzte, eta gizon bati sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote. Aldiz, haien ustez, iragarritako neurriek eta jasandako bortizkeriek erakusten dute mobilizazioak eraginkorrak direla, eta gobernua presiopean ezartzen dutela. Horregatik ere, mobilizazioen luzapena aldarrikatzen dute.
Horri begira, Jaka Horiek mobilizatzeko beste deialdi bat egin dute larunbat hontako eta sindikatuak greba orokorra egitera deitu dutela azaroaren 5erako.