Hezkuntza ministroarekin bilkura: gibelapena ikusten du Seaskak, EEP itxaropentsu da

Atzo Frantziako hezkuntza ministroarekin izandako bilkurak atsekabea ekarri du Seaskarentzat: aurten berriz plantan emanen den matematika baxoa frantsesez egin beharko da, eta ez ahozko handia ezta berezitasunak ezingo dira euskaraz egin.

Hezkuntza ministroarekin bilkura: gibelapena ikusten du Seaskak, EEP itxaropentsu da
EEPren ordezkariak eta Ipar Euskal Herriko legegileak Parisen, hezkuntza ministerioan. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2026/01/13 08:22

Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari eta lehendakariordea, Ipar Euskal Herriko senatari Frédérique Espagnac, Denise Saint-Pé eta Max Brisson eta parlamentari Peio Dufau, Colette Capdevielle eta Iñaki Etxaniz hartu zituen atzo Édouard Geffrey Frantziako hezkuntza ministroan. Euskarazko irakaskuntza zuten gai-ordenean, eta Seaskak baxoko hiru froga euskaraz egiteko aukera lortzea espero zuen bilkurari esker; 2021etik baxoan diren ahozko handia eta berezitasun frogak, eta 2019tik egiten ez den eta aurten berriz aktibatzen den matematikako azterketa. Azken hau euskaraz egin zitekeen baxoaren erreformak desagerrarazi zuen arte.

Seaskak, hala, "aitzinatu ordez gibelerat" egin dela salatu zuen bilkuraren ondotik, ministerioa "murgiltze ereduaren kontra" ari dela adieraziz eta arau berriak "inposaketa" direla deitoratuz. Hortaz, mobilizatzeko deia egin du, eta urtarrilaren 24an lehen hitzordu bat izanen dela iragarri.

Erik Etxart, Seaskako lehendakariordea:


Irakaskuntzari begira ondorio positiboak EEPrentzat

Seaskak bilkuraren bilan arras negatiboa egiten badu, Euskararen Erakunde Publikoa ez da aho beretik mintzatu. Antton Kurutxarri lehendakariordea Euskal Irratietan mintzatu zen atzo arratsaldean bilkura ondoan, eta itxaropentsu atera dira bertatik. Baxoari dagokionez, 2027ra begira leiho bat ireki dela azaldu zuen Kurutxarrik eta "hemendik apirilera arte ministerioaren zerbitzuekin lizeoko sail berezi bat landuko" dutela hitz eman die, "eskualdeko hizkuntzei dedikatua den baxo" bat sortze aldera. EEPk oroitarazi du lehen aldia dela halako egutegi bat dutela, eta emaitzak 2026-2027 ikasturteko sartzerako izanen direla.

Baxoaz harago baina, irakaskuntza elebidunari begirako aitortza bat ere lortu du EEPk bilkuratik. Irakaskuntzaren eskaintza orokortzea ere landuko dute ministerioarekin, guraso bakoitzak eskola elebidun bat ukan dezan beregandik hurbil. Irakasle gai direnen formakuntzaren aldetik, euskara maila hobetzeko formakuntza hitzeman die. Eta azkenean, brebetan, zientziak euskaraz pasatzen segituko dute, eta irakaskuntza publikokoek eta katolikokoek ere euskaraz aurkezten ahalko dituzte, orain arte ez bezala.

Peio Dufau diputatuak Kazeta.eus atariari adierazi dionez, "hitzak jaso [dituzte] eta ekintzen zain gelditzen [dira]". Orohar, baina, EEPren ildotik, hainbat lorpen lehen aldiz erdietsi direla baloratu du.

Interesgarri izanen zaizu