Hiriburu (Ipar EH)

Hiriburuko Lizaga mediateka berria larunbatean estreinatuko dute

Lizaga gaztelu historikoan egin dute kulturgune nagusi berria, adin guztiendako idekia dena, eta herritarrekin estreinatuko dute toki berritua desfile batekin eta ikusgarri batekin. Mediateka urtarrilean emanen dute martxan.

Hiriburuko Lizaga mediateka berria larunbatean estreinatuko dute
2026ko urtarriletik goiti Lizaga mediatekak ateak idekiko ditu publikoari. HIRIBURUKO HERRIKO ETXEA
Lorea Mailharrancin
2025/12/12 07:00

Larunbat honetan Lizaga, Hiriburuko mediateka berriaren estreina iraganen da. Eraikina historikoa da, estimatzen da XI. edo XII. mendekoa dela. Hiriburuko herriko etxeak 2018an erosi zituen gaztelua eta inguruko 1,2 hektareako parkea. Erosi zuten eraikina publikoa izan dadin, eta, geroago erabaki dute bertan mediateka berriaren egitea. Herriaren kultura-zerbitzu nagusi bilakatuko da eta publiko orori idekia izanen da. Mediatekan euskarazko liburu anitz izanen dira eta ikusgarriak ere antolatuak izanen dira gazteluan bertan edota inguratzen duen parkean. Zerbitzuak urririk proposatuak izanen dira.

Gutti gora behera 7 milioi euroko kostua izan du gaztelua arraberritzeak, mediateka sortzeak eta parkea berritzeak. Kostuaren %54 partaide batzuek pagatu dute, parte handi bat Frantziako estatuak du finantzatu, Eskualdeak eta departamenduak ere lagundu dutelarik. Elkargoak, berriz, guti gorabehera 280.000 euro finantzatu ditu. Alain Iriart Hiriburuko auzapezak azaldu du laguntza horiek gabe, seguraski, ez zutela honelako proiekturik eginen.

Larunbat honetan, estreina herritarrentzat izanen da 14:30etik goiti: desfilea Plaza Berritik Lizagako gaztelua arte dantzari, musikari eta joaldunekin; ondotik, ikusgarria eta mediateka bisitatzeko parada izanen da izena emanez. 2026ko urtarriletik goiti mediatekak ateak idekiko ditu publikoari.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu