2022an Baionako Alsace-Lorraine etorbidean erori zen garabia, eta bertan hil zen 42 urteko gizona. Geroztik eraikin berria lurretik atera da baina familiaren « sufrimendu eta ez ulertzea beti » hor direla azpimarratu dute sindikatuek.
Aurten ere omenaldia egin diote garabi gidariari LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek, bai eta 22bergeret herritar kolektiboak. Garabia erori zen lekuan gaur egun bizitegiak dira, eta oraindik obretan den gunean lore sortak eta plaka bat jarri dituzte sindikatuek.
Eñaut Aramendi LAB sindikatuko bozeramaileak erran digu "Mohamed Kichoui ondotik izan dira besteak", eta bere iduriko istripuak gertatu ondoan gertakariak "desagertzen dira herrietatik eta ez da inon ikusten zenbat hiltzen diren lanean". Oroitarriak beharrezkoak direla uste du berak.
2022ko martxoaren 9an gertatu lan istripu horren inkesta beti bidean da hiru urte berantago eta oraindik ez dira erantzunkizunak argitu eta beharrekoak kondenatu. Zailtasun bat gehiago familiarentzat "orrialdeari buelta emateko" Eñaut Aramendiren erranetan.
Sindikatuek gehitu dute bestalde Mohammed Kichoui-ren heriotzaz geroztik kooperazioan, lan istripuen kontrako protokolo bat plazaratu zutela 2024ko abuztuan.