Aldaren azken inkestaren arabera, HLMetan inkestatuen %52,19k hezetasun arazoak dituzte.
Etxebizitza sozialetako hezetasun arazoez ohartarazi du Alda elkarteak. Ipar Euskal Herriko 29 herritan, 753 pertsonarekin egindako inkestaren arabera, galdezkatuen erdiak baino gehiagok (%52,19) hezetasun arazoak dituzte etxean. Horien artean, %71,5k osasun arazoak dituztela diote, hala nola asma, eztul iraunkorra edo alergiak.
Inkestaren burutzeko, orotara 2.600 atera jo du Aldak. Bestalde, komite zientifiko batekin ere burutu dute inkesta, osasun arazoen identifikatzeko, eta aterabideak atzemateko.
Aldak azpimarratu du arazoa ez dela bizilagunen ohituretara mugatzen: gaizki eraikitako edo behar bezala berritu gabeko etxebizitzek ere hezetasuna eragin dezakete. Elkarteak etxebizitza sozialen berritze lanak finantzatzeko eskatu die alokatzaile sozialei, herriko etxeei eta Estatuari. Auzokoen abisuei lasterrago erantzutea eta eraikin osoak kontuan hartuko dituzten neurriak abiatzea ere galdegin du. Txosten osoa Alda-ren webgunean ikusgai da.