Hondakinetatik eraikuntza eredugarrira

Baionako Canopia birtziklatze zentroaren alboan, eraikin berria inauguratu dute Bil Ta Garbik eta Euskal Hirigune Elkargoak. Energia berriztagarrietan eta berrerabilpenean oinarritua, trantsizio ekologikoaren aldeko apustu sendoa da.

Hondakinetatik eraikuntza eredugarrira
Eguzki-panelak, hondakin organikoen metanizaziotik sortutako beroketa eta berrerabilitako materialak erabili dituzte eremua berritzeko. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/08/05 17:02

Eguzki-panelak, hondakin organikoen metanizaziotik sortutako beroketa eta berrerabilitako materialak: horiek dira Canopiako gunean sortu den eraikin berriak dituen ezaugarri nagusiak. Bil Ta Garbi eta Euskal Hirigune Elkargoaren langileak bertan bilduko dira hemendik aitzina, espazio partekatu eta energia gutxiko batean.

Eraikinaren helburua da lan baldintzak hobetzea, zerbitzu publikoaren sinergiak sendotzea eta trantsizio ekologikoaren norabidean urrats eraginkorrak ematea. Martine Bisautak —Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariorde eta Bil Ta Garbiko lehendakaria— adierazi duenez, “trantsizioan eraikitzea posible da”, nahiz eta Frantziako Estatuaren politiketan koherentziarik ikusten ez duen.

Canopia zentroan ezarriak izan diren eguzki panelak. EUSKAL IRRATIAK
Bestalde, 2023an ezarritako bilketa-erreformak emaitza onak eman ditu: bi urtean, %35 handitu da ontzi eta paperen birziklapena, eta lehen aldiz, 104 kilo bildu dira urtero biztanle bakoitzeko. Aldi berean, zabor arruntaren kopurua 10.500 tonatan murriztu da —Ipar Euskal Herriko hainbat eskualdek urte osoan sortzen duten zaborraren parekoa.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu