Iparraldea Palestinarekin kolektiboak plantatutako Palestinaren aldeko egunak ehunka pertsona bildu ditu ebiakoitzean Makean. Parada palestinarren populuaren erresistentzia, boikota eta su-etena agerian ezartzeko. Baionan mobilizatzera deitu dute.
Iparraldea Palestinarekin kolektiboak plantatutako Palestinaren aldeko egunak ehunka pertsona bildu ditu azaroaren 15ean, Makean. Egun osoko egitaraua eskaini zuten, eragile solidarioen merkatua, haurren txokoa eta jokoak, irakurketa eta arte tailerra, bazkari herrikoia baita hitzaldiak eta mahai-inguruak ere.
Iazko lehen edizioaren ondotik, hitzordu bat bilakatu da Palestinaren aldeko egun hori, eta hitzordu desberdinetara hurbildu den jende kopurua frogatzat jotzen ahal dugu. Ipar Euskal Herriko jende pila bat hurbildu da, egun osoko eskaintza gozatu duena.
Goizeko hitzordu nagusian, mintzaldian, hiru lekukotasun partekatu dituzte. Gatazkaren jatorria, presondegietako eta Cisjordiniako bizi baldintzak, edota herriak mantentzen duen erresistentzia agerian ezarri dituzte. Gaza zauritua dela, baina Gaza ez dela hila azpimarratu nahi izan dute, populuaren ekintzek hiriko biziraupena segurtatzen baitute. Bake prozesua ere aipagai izan da, Israel handitzeko planoa bururatzen ari delarik.
Elkartasunaren garrantziaren ildotik, ber lemapean mobilizatzera deituko dute abenduaren 20an. Erresistentzian parte hartzeko nazioarteko mailan antolatzea beharrezkoa dela uste dutelako. Abenduaren 20an, ebiakoitzez, goizeko 11etan, "Ibaitik Itsasora, Palestina libre" lemapean mobilizatzera deitzen dute Baionan.