Atzo arratsaldean erabaki zuten Prefeturak eta Elkargoak 158 herrietara hedatzea idorteagatik alerta gorena. Norbanakoek ezingo dute ur edangarria nolanahika erabili, eta 8:00tatik 20:00tara hertsapen handiak izanen dira egunero.
Euri gutxi egin du azken hilabeteetan, eta azken egunetako prezipitazioek ere ez dute egoera hobetu. Horren ondorioz, Ipar Euskal Herriko herri guziak idorte-alertan ezarri zituen atzo Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. Hala, debekatua da lorategiak eta etxeetako baratzeak ureztatzea goizeko zortzitatik arratseko zortzitara, autoak garbitzea edo igerileku pribatuak betetzea, metro kubiko baina gutxiagokoak salbu, edo handiagoen kasuan, heina berrezartzeko ez bada.
Laborantzan ere gero eta handiagoa da kezka. Baratzeen ureztatzeko ur hartzeak mugatuak dira, 20:00etatik 08:00etara dira bakarrik onartuak. Laborari profesionalek egunez ere ureztatzen ahal dute, landareen eta uzten biziraupena arriskuan denean. Kabalen edateko urarentzat aldiz, ez da mugarik.
Urruñan baratzezaintzan eta behi hazkuntzan ari diren GAEC Zamora-ko Nathalie ama eta Xalbat semearentzat, behientzat ez bada arazorik ekoizpen aldetik, baratzegintzan gehiago ureztatu behar dute, eta horrek ondorio ekonomikoak ere baditu.
Ur edangarriaren inguruko murrizketa zehatzak nolakoak diren kontsulta daiteke, frantses gobernuaren VigiEau webgunean.