Larrainen 2018an sortu zuten enpresak bortuko ur-iturriak xerkatzen lan egiten du, han diren kabalek ura izan dezaten. Aldaketak nabarmenak dira mendietako ur hornikuntzan azken urteetan.
Ur eskasia gero eta azkarragoa eta nabariagoa da gure erreka eta ibaietan, aro idorraren ondorioz, eta larrialdi klimatikoarengatik. Copernicus neurgailuak ere nehoizko tenperatura azkarrenak neurtu ditu mundu osoko itsasoetan azken asteetan; bataz-bestean, 21,1 gradukoak ozeanoetan, poloak salbu.
Itsasoan ez ezik, mendian ere sumatzen da ur gabezia. Errekak xume dira, eta lurrak idor. Horiek hola, Xiberoko Larrainen, 2018an sortu zuten Hur-Xenda enpresa, bortuko ur-iturriak atzemateko xedez. Mendian diren kabalek behar duten ura ukan dezaten, orain arte ustiatu gabe izan diren iturriak xerkatzen, identifikatzen eta haien berri ematen ibiltzen dira.
Helikopteroz eraman behar izaten dute iturriak ustiagarri egiteko beharrezko materiala. HUR-XENDA
Jean Pierra Akozeberri da arduradunetariko bat da, gaurko Goiz Berriko gomita zen. Azaldu duenez, herriko etxeak dira haien bezero nagusiak, baina Hur-Xendakoek ez dute lana hutsetik hasten. Erakundeek lehenik hidrogeologian aholkularitza bulego bati eskatzen diote ikerketa egiteko, eta haien bilanean oinarritzen dira inbertsioak merezi duen neurtzeko. Baiezkoa izanez gero, Hur-Xendakoak iturria ustiagarri bilakatzera joaten dira.
Gaur egun arte, historikoki mendi gainetan ziren iturriak baliatzen ziren, beherago ziren borda, baserri eta etxeak urez hornitzeko. Egun baina, hala beharrez gero, Hur-Xendakoek behe aldean diren iturrietako ura ere goiti igortzen dute, teknika aldatuz.