Igandean, maiatzaren 17an, homofobiaren eta transfobiaren kontrako nazioarteko eguna izanen da

Oro har sexu-orientazio, genero-identitate edo genero-adierazpen desberdinak dituzten pertsonek pairatzen dituzten indarkeria eta diskriminazioak zein diren erakutsi nahi du egun honek. Elkarretaratzea izanen da Baionako Herriko Etxearen aitzinean.

Igandean, maiatzaren 17an, homofobiaren eta transfobiaren kontrako nazioarteko eguna izanen da
Franck Guilbert Les Bascos elkarteko kidea. EUSKAL IRRATIAK
Kriztof Arotzarena
2026/05/13 07:00

Maiatzaren 17an, Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna.

60 herrialde baino gehiagotan ospatzen den data honek gogorarazten du Osasunaren Mundu Erakundeak 1990eko maiatzaren 17an hartu zuen erabakia: homosexualitatea jada ez hartzea gaitz mental gisa.

Ordutik, egun honek aukera ematen du lesbianek, gayek, bisexualek, transgeneroek, intersexualek eta, oro har, orientazio afektibo, identitate edo genero-adierazpen ezberdinak dituzten pertsona guztiek pairatzen dituzten indarkeria eta diskriminazioak ikusgarri egiteko.


Baiona, Donibane Lohizune, Miarritze, Hazparne, Ziburu edo/ta Uztaritzeko herriko etxeek eguna sinbolikoki markatuko dute


Ipar Euskal Herrian ere, hainbat herriko etxek egun hau ekimen sinbolikoen bidez markatuko dute: eraikinak argituz edo/ta ortzadarraren koloreko banderak zintzilik ezarriz. Keinu garrantzitsuak dira, LGBTI+ pertsonentzat inklusiboak direlako eta gizarte osoarentzat baliagarriak erakusteko.


Dei egiten dute ere maiatzaren 17an, igandea, arratsaldeko 18:00etan Baionako Herriko Etxearen aitzinean elkarretaratze batera etortzeko, honako helburu hauekin:

  • Gure lurraldean dauden LGBTI+fobien errealitatea agerian uzteko.

  • Oraindik ere gehiegi presente diren indarkeria eta diskriminazioak ikusgarri egiteko.

  • Frantziako Gobernuari fermuki galdetzeko gaitzespen adierazpenetatik harago joan eta beharrezko neurri zehatzak har ditzan.


LGBT+fobien inguruko inkesta ere abiaraziko du Les Bascos elkarteak

Urte betekoa izanen da. Inkesta honen helburua da LGBT+ pertsonek tokian bertan jasaten dituzten diskriminazioak, indarkeriak, irainak, bazterketak edo erasoak dokumentatzea, espazio publikoan, lanean, familian, ikasketetan, aisialdian edo osasun-zerbitzuetako sarbidean gertatzen direnak barne. Tokiko datuen eskasiaren parean, ekimen hau tresna ezinbestekoa da gure lurraldeetan LGBT+fobien errealitatea hobeki neurtzeko, oraindik maizegi isilarazten diren egoerak ikusgarri egiteko eta prebentzio, laguntza eta sentsibilizazio ekintzak indartzeko.

Interesgarri izanen zaizu