Igerilekuak urririk eta hondakindegiak hetsiak eguerditik aitzina, beroteagatik alerta laranjagatik

Gaur eguerdian hasi eta gutienik asteazkeneko gauerdira arte, beroteagatik alerta laranja aktibatu dute Météo Francek eta Pirinio Atlantikoetako prefekturak. Orain bi aste harturiko neurri berak errepikatuko ditu Elkargoak.

Igerilekuak urririk eta hondakindegiak hetsiak eguerditik aitzina, beroteagatik alerta laranjagatik
Hendaiako plazako farmaziaren termometroak 38 gradu erakutsi zituen iragan ekainaren 22an. ANTXETA IRRATIA
Aimar Lopez Erasun
2026/07/07 09:28

Ez da ekaina bukaerako muturreko beroa, baina zaintza mantentzeko modukoa da: atzo termometroak 40 gradutik hurbil ibili ondotik, gaur eta bihar alerta laranja aktibatu dute beroteengatik. Tenperatura 30 graduen inguruan ibiliko da egun batzuez Ipar Euskal Herrian iragarpenen arabera, eta osasuna arriskuan ez ezartzea du helburu alerta berriak, Météo Francen arabera: "Berote episodio berri, gogor eta iraunkor honek zaintza berezia eskatzen du, bereziki pertsona sentsible edo arrisku egoeratan direnentzat".

Euskal Hirigune Elkargoak, bere kudeaketapean diren zerbitzuetan duela bi aste hartutako neurriak errepikatuko ditu. Hala, arratsaldez itxiak izanen dira hondakindegiak, eta zehazteke dago bihar goizean irekiko dituzten. 12:45ean itxiko dituzte hala gaur Angelu, Baiona, Miarritze, Bidarte, Hendaia, Donibane Lohizune eta Urruñakoak, eta 12:00ak arte irekiak izanen dira Maule, Baigorri eta Lehuntzekoak, baita Zuraidekoa ere, ohikoa denez.

Euskal Elkargoak kudeatzen dituen igerilekuetara, aldiz, sartzea urririk izanen da gaur eguerditik aitzina, baina ez dituzte ordutegiak egokituko. Alerta laranjak iraun bitartean izanen da hala.

Hainbat herriko etxek haien zerbitzuen harrera ordutegiak aldatu dituzte, Hendaiakoak, adibidez, 7:30etik 14:30era egiten du harrera egunotan.

Interesgarri izanen zaizu