Gaur zendu da Uriarte, Itsasu eta Ezpeleta artean bizikletan ari zela, bertze ibilgailurik gabeko istripuan. 2013 eta 2018 artean egon zen preso, eta 2021ean zurrunbilo judizial batean sartu zuten hainbat epaitegik, lurralde debeku bat zela-eta.
55 urterekin zendu da Igor Uriarte, gaur goizean, Ezpeletan. Bizikletan itzuli bat egitera atera zela baieztatu die Euskal Irratiei haren inguruak, eta Pirinio Atlantikoetako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, bertze ibilgailurik ez zen inplikatua istripuan.
2019tik Urruñan bizi zen Igor Uriarte euskal preso ohia, espetxetik atera eta bere bikotearekin bertan plantatu ondotik. Jaiotzez Barrundiakoa, arabarra, baratzezaintzan biologikoan ari zen Urruñan. 2013tik 2018ra egon zen Frantziako hainbat espetxetan preso, ETAko kide izateagatik sei urteko kondena betetzen. Frantziako lurraldean egoteko behin betiko debekua ere eman zion epaileak orduan.
2020an, trafiko kontrol batean atxilotu zuen Frantziako poliziak, Coronavirus garaian bertze hainbat preso ohirekin gertatu bezala, eta Baionako presondegian atxilo izan zuten epaitegiak ebatzi artean. Berehalako agerraldian kanporatzea berretsi bazuen, eta Arabara bizitzera bidali, 2021ean lurraldean egoteko debekua altxatzea lortu zuen Uriarteren defentsak, lehen aldiz euskal preso ohi baten kasuan. Debekua urratzeagatik ez zuten kondenatu.