Urteroko urduritasuna nabaritu da goizean Ipar Euskal Herriko ikastola, eskola, kolegio eta lizeoen atarietan. Ehunka haurrek lehen aldiz gurutzatu dute eskolako ataria, ikastolen hazkundea nabaria delarik oraino.
Negar, irri, estresa, kilikadura, lehia... Emozioz betea izan da 2025-2026 ikasturteko sartzea Amikuzeko ikastolan, bertze eskola, ikastola, kolegio eta lizeo guztietan bezala. Astelehen honetan, 102 amikuztar gaztek haien sartzea egin dute Donapaleuko ikastolan. Haiekin batera 8 irakasle, 4 laguntzaile eta ahalmen urriko laguntzaile bat, joan den astetik jadanik, ernatu dira ikasturteko lehen eguna ontsa pasa dadin.
Lehen aldia batzuendako, usaiako momentu bat beste batzuendako: urte guziz bezala emozio frango nahasi dira ikastolako pasabideetan. Zaharrenak berantetsi baldin baziren lagunen berriz atzemateko, aita eta amarekin lortu behar zen bereiztea momentu mingarria izan da ttipienendako zein guraso gazteendako.
Egunean zehar emozioak fite lañotu dira, eta eguneroko ohiturak atzeman dute ikasle amikuztarrek. Gela beteen aitzinean ibiltzean, egiaztatze bat egin du talde pedagogikoak: Amikuzeko ikastola osasun onean da. Azken urteetan emendatzen ari den demografiaren apaltzeari begira, ikasle kopuruaren apaltzeak aurreikusiak ziren. Alta Amikuzeko zenbakiak onak dira. Zenbaki zehatzer dagokienez, beititze ttipi bat kausitu dute, lehen mailan zazpi ikasle baizik ez baitira sartu aurten, hamazazpiren kontra iaz. Alabaina, beste eskualde edo ikastoletatik heldu diren haurrer esker, kopuru orokorra mantentzen da momentukotz. Antzeko joera azpimarratu dute Sohütako Epherra ikastolan ere, Xiberoko apaltze demografikari aurre egiten baitio ikastolako izen-emate kopuruak. Familia berrien iritsiera ere azpimarratu dute han, laguntzaile taldearen handitzeak indar berri bat ekarriko duelakoan.
Aurten usaian baino azkarkiago, lehentasuna euskarari emanen dako Amikuzeko ekipak. 3 urteko proiektu bat plantatzen ari dira ikastolako kideak, tresna eta baliabide berrien sortzeko, haurren arteko harremanak errazkiago euskaraz egin dadin. Haurren hiztegia, usaiak eta lurraldeko kulturari buruzko jakintza aberastu nahi dituzte lan horren bidez.
Baionako Jules Ferry eskola publikoa murgiltze eredua eskaintzen duen hiriko ikastetxe publiko bakarra da. Aurten, 51 haur dira euskara hutsez ikasten ari, eta ereduaren arrakastarekin asebeterik mintzatu da Christine Martin Dolhagaray, Baionako Hezkuntza auzapezordea.