(Ipar EH)

Ossau Irati sor-markaren araudia arintzeko galdea aztertuko du INAOk

2024-ko azaroan, Ossau Irati sor-markak INAOri aurkeztu dako bere araudiaren aldatzeko proposamena. Otsail hastapenean, Pariseko institutuak lehen arrapostua eman dako: xehetasunak falta dira, komisio erabakitzaileen aitzinetik pasatu aitzin.

Ossau Irati sor-markaren araudia arintzeko galdea aztertuko du INAOk
Ossau Irati sor-markaren araudia arintzeko galdea aztertuko du INAOk. OSSAU IRATI
Admin
2025/02/14 16:36

Ossau Irati sor-markaren araudia aldatuko dea? Proposamena INAOren eskuetan da azaroaren 22tik. INAO egiturak ditu Frantzia mailan sormarka desberdinen araudiak kontrolatzen eta aldaketak onartzen edo ez. Lehen azterketa baten ondorioz, ohar zonbaitzu itzuli dazko Ossau Irati sor-markari, hiruzpalau puntu nagusiri buruz.

Gaur egun, sor-markako eremuaren kanpotik sarrarazten ahal den bazka kantitate gehiena, 280 kilokoa da ardika urteka. Muga hori 358 kilotara pasarazi nahi du Ossau Iratik. INAOk oroitarazten du 2017 eta 2021 artean, kanpotik heldu den bazka kantitate hori bataz bestekoa 138 kilokoa zela.

Ardien esne produkzioaren kantitatea ere aztertu du INAOk. Gaur egun, ardi bakoitzak gehienik 300 pinta esne behar ditu ekoiztu urtean, eta sor-markaren proposamenetan da muga hori osoki kentzea. Baina INAOk oroitarazten du, beti 2017 eta 2021 artean, etxaldeen %88-ak, 250 litro baino gutxiago ekoizten dituela ardika eta urteka.

Ohar horiek sor-markari helarazi dazko INAOk, baina jakin behar da aitzin azterketa bat baizik ez dela. INAOn komisio permanenteek dituzte araudier buruzko iritziak ematen, eta komisio horiek, beste sor-marka batzuetako profesionalek osatzen dituzte. Aldi honetan, Ossau Iratiren proposamenez da oraindik pasa komisio horren aitzinetik. INAOko zerbitzuek dute lehen azterketa bat egin.

Orain beraz, Ossau Irati sor-markakoek behar dute ikusi moldaketak egiten dituzten horien galdean. Erantzunaren arabera, INAOko ondoko komisio permanenteak aztertuko du, martxoan, ekainean, buruilean edo azaroan.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu