Azaroaren 25aren kari, Sutanek eta Itaiak mobilizazioak antolatu dituzte Baionan indarkeria matxistaren eta faxismoaren aurka. Sutanek indarkeria matxistaren biktimak aipatu ditu besteak beste, eta Itaiak gizartea antolatzeko beharra aldarrikatu du.
Baionan, Sutanek eta Itaiak manifestazioak egin dituzte azaroaren 25eko egunaren kari, indarkeria matxistaren eta faxismoaren aurka. Sutanek geltokian egin du elkarretaratzea, 18:30ean, eta Itaiak ordubete berantago, merkatu plazan. Bakoitzak ehun bat pertsona bildu ditu.
Baionako karrikak zeharkatu aitzin, Sutanek aurten Euskal Herrian indarkeria matxistarengatik hil diren bost emazteak oroitu ditu: Amaia, Tatiana, Arelys, Saida eta Kalie. Feminizidioak sistemak ahalbidetzen dituela salatu dute, eta borroka transfeministaren eta antifaxistaren arteko lotura azpimarratu.
Itaiak, berriz, merkatu plazatik Jacques Porte plazarainoko martxa egin du, gizartea antolatzeko beharra aldarrikatuz.
Bi kolektiboek Canon Françaisen aurkako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.