Indarkeria matxisten aurka karrikak hartzeko deia egin dute gaurko

Azaroaren 25a, asteazken honetan, hainbat eragilek eta kolektibok elkarretaratzeko deia egiten dute indarkeria matxisten aurkako nazioarteko egunaren kari. Elkarretaratzeak izanen dira Baionan, Larzabalen eta Hendaian.

Indarkeria matxisten aurka karrikak hartzeko deia egin dute gaurko
Azaroaren 25eko mobilizazio bat, Baionan, artxiboko irudi batean.
Lorea Mailharrancin
2026/11/25 10:30

Azaroaren 25a kari Itaia antolakundeak  « A25 Indarkeria matxistaren aurka borrokatu » lelopean eta Sutan kolektiboak «Ez ginen atzera egiteko jaio» lelopean manifestatzera deitzen dute, indarkeria matxistaren eta faxismoaren aurka elkartzea ezinbestekoa dela azpimarratuz.

Maddi Kintana Sutaneko militantea Goiz Berriko gomita genuen, indarkeria matxista eta faxismoaren arteko lotura azaldu du: "Estrukturalki lotuak dira, patriarkatua ezin dugu ulertu indarkeria mota hori gabe eta faxismoaren gorazarrerik gabe". Hala, ultraeskuinaren emendatzearekin "hainbat indarkeria mota zabaltzen, normalizatzen" ari direla azaldu du: "faxismoaren aurka borrokatzea bada indarkeria matxistaren aurka egitea, eta alderantziz". Maddi Kintanarekin gaur goizean egindako elkarrizketa osorik entzungai da orri honetan.

Ipar Euskal Herrian, departamenduko CIDFF 64 egiturak permanentzia juridikoak eskaintzen ditu urte osoan urririk eta prebentzioa egiten du eskoletan edota ekintza ezberdinetan. 2026ko lehen sei hilabeteetan, jada 646 harrera zenbatu ditu egiturak, biktimetan asko bikotekidearen indarkeria pairatutako emazteak dira.

Claire Sabalo CIDFF 64ko zuzendariak prebentzioaren garrantzia azpimarratu du, baita elkartzearen garrantzia ere: «Uste dut ongi artatzen ahal ditugula soilik elgarrekin ari baldin bagira. Zabaldu nahi dugun mezua idarkeriei begira da denen erreakzioa izan behar dela, mobilizazio zinez kolektiboa. Ez da sustut biktimari mintzatzen hausartzea. Gizarte osoak ere salatu behar ditu indarkeriak eta horien kontra jarri behar da». CIDFF 64ren permanentziei buruzko informazioa pyreneesatlantiques.cidff.info webgunean atzemanen duzue.

Bestalde, manifestazioaren biharamunean, Baionako CGR zineman, JE était une autre dokumentalaren inguruko eztabaida antolatzen du CIDFF egiturak Manon Salmon egilearekin, 20:00tan, urririk. Sutan kolektiboak, berriz, «Indarkeriaren mila ertzak» hitzaldia antolatuko du Planning Familialen egoitzan, Maider Galardi eta Jenofa Berhokoirigoin kazetariekin.

Elkarretaratzea 18:30tan antolatzen du Sutan kolektiboak Baionako geltokian, Itaiak berriz 19:00tan Jacques Porte plazan. ‘Ez gitxu lo’ mugimenduak elkarretaratzea eginen du bertzalde 18:30ean Larzabaleko biribilgunean eta ondotik Puzzleak laburmetraiaren emanaldia Ezpelletenian. Hendaian, 17:00etan performance bat eginen du M8 Asanblada Feministak tren geltoki aitzinean.

Interesgarri izanen zaizu