Ipar Euskal Herriko biztanleria hazten ari da, batez ere kanpotik etorritako pertsonen ondorioz. Kostaldean gorakada argia bada, egoera kontrastatua da barnealdean.
Ipar Euskal Herriak biztanleak irabazten segitzen du INSEEk argitaratutako azken datuen arabera. 2023an, Euskal Hirigune Elkargoko 158 herriek 329.856 biztanle zituzten, 2017an baino 4.135 gehiago. Horrek urteko batez besteko %1,08ko hazkundea adierazten du, Akitania Berriko handienen artean.
Balantza naturalak negatiboa izaten segitzen du
Hazkundea bada Ipar Euskal Herrian, baina ez da jaiotzen kopuruari esker gertatzen. Izan ere, balantza naturala negatiboa da: heriotza gehiago daude jaiotza baino. Biztanleria hazten bada, kanpotik etorritako pertsonengatik da batez ere. Sei urtean, ia 20.000 biztanle gehiago izan dira; hau da, Hendaia bezain handia den herri baten parekoa.
Hazkunde hori nagusiki kostaldean kontzentratzen da. Baiona da oraindik herririk jendetsuena, 54.306 biztanlerekin, eta 3.078 biztanle gehiago irabazi ditu sei urtean. Angeluk 43.271 biztanle ditu, eta hazkunderik handiena izan du kopuru absolutuan, 4.342 pertsona gehiagorekin 2017tik. Miarritze hirugarren da, 26.206 biztanlerekin. Hala ere, azpimarratzekoa da Ziburuk biztanleak galtzen segitzen duela: 2017tik 2023ra 300 biztanle galdu zituen.
Egoera kontrastatua Baxe Nafarroan eta Xiberoan
Amikuzeko eskualdean, bost herri dira hazkunde handiena izan dutenen artean. Donapaleuk, adibidez, %3,1eko gorakada izan du, 366 biztanle gehiagorekin. Gaur egun, 2.204 biztanle ditu. Aldiz, Donibane Garazik, baita bereziki Xiberoak ere gainbehera demografikoan jarraitzen dute, nahiz eta Maulek gorakada txiki bat izan.
Hazkunde horren ondorioz, biztanleriaren bilakaerak herriko kontseiluen osaera aldatuko du hauteskunde garai honetan: herri batzuetan hautetsi gehiago beharko dira datozen hauteskundeetan, eta beste batzuetan, aldiz, eserleku kopurua murriztuko da.