EB-Mercosur: Ipar Euskal Herriko 74 herrik akordioa blokeatzeko deia egin dute

Ipar Euskal Herriko 74 herrik Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza libreko akordioa blokeatzeko deia egin dute, tokiko laborantza eta elikadura defendatzeko asmoz.

EB-Mercosur: Ipar Euskal Herriko 74 herrik akordioa blokeatzeko deia egin dute
Manifestua izenpetu duten herrien artean da Urruña. Herriko kontseiluak aho batez onartu du adierazpena. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/02/19 16:48

ELB sindikatuaren ekimenez, 74 auzapezek eta herriko kontseiluk manifestu bat izenpetu dute, Europako Parlamentuari akordioaren aurka bozkatzeko eskatzeko. ELBren ustez, akordioak lehia desleiala ekarriko luke, bereziki Ipar Euskal Herrian garrantzi handia duten behi-, hegazti- eta ezti-sailetan. Latinoamerikako ekoizpen kostuak Europakoak baino askoz apalagoak dira; adibidez, Brasilen gutieneko soldata orduko euro baten parekoa da, Frantzian hamar euro ingurukoa den bitartean. Testuinguru horretan, ELBk azpimarratu du tokiko laborariek ezin diotela prezio baxuetan sartuko liratekeen inportazio masiboei aurre egin.
Emmanuel Macron Frantziako presidentearen ekimenez, Europako Batzordeak laborarientzako babes-klausulak proposatu ditu zenbait eremutan. Baina ELBren ustez, neurri horiek ez lukete inportazioen gorakada geldiaraziko, ezta ekoizpenen deslokalizazioa saihestuko ere. Hitzarmenak prezioak beherantz presionatuko lituzke, laborariek jada diru-sarrera apalak dituzten garai honetan.

Urruñaren adibidea

Manifestua izenpetu duten herrien artean da Urruña. Herriko kontseiluak aho batez onartu du adierazpena. Philippe Aramendi auzapezak nabarmendu duenez, “herriek rol biziki garrantzitsua dute herritarrek tokiko elikadura osasungarria eskuratzeko”. Horrez gain, manifestua oraindik izenpetu ez duten herriei bat egiteko deia egin die.
ELBk zein Aramendik azpimarratu dutenez, gure elikadura da “lehen erremedioa”, eta herriek badute ardura zuzena kalitatezko eta sasoiko tokiko produktuak sustatzeko. Urruñan, adibidez, herriko sukalde bat sortu dute baratzezain etxalde baten ondoan, eta tokiko laborariekin elkarlanean ari dira sasoiko produktu osasungarri eta biologikoekin hornitzeko. Helburua da eredua adinekoengana, herriko langileengana eta beste kolektibo batzuengana hedatzea.

ELBk azpimarratu du instituzioek ez ezik, herritarrek ere badutela erantzukizun zuzena. Kontsumitzaileek eguneroko erosketetan egiten dituzten hautuek eragin zuzena dute laborantza ereduan. Tokiko, sasoiko eta kalitatezko produktuak lehenetsiz, herritarrek bertako etxaldeak bizirik atxikitzen laguntzen dute eta prezioen presio globalari aurre egiteko tresna bihurtzen dira. Merkataritza libreko akordioek marko juridiko eta ekonomikoa ezartzen badute ere, elikadura-katean azken hitza kontsumitzaileak du.

Mobilizazioa sinbolikoki ere agerian utziko da: manifestua izenpetu duten herriek “Mercosur-tik kanpoko herria” panela jarriko dute herri sarreretan, akordioaren aurkako jarrera publikoa erakusteko.



Manifestua izenpetu duten 74 herriak

Ahatsa; Ahetze; Aiziritze; Ainhize-Monjolose; Ainhoa; Altzai-Altzabeheti-Zunharreta; Aloze-Ziboze-Onizegaine; Amendüze-Unaso; Arberatze; Arhantze; Armendaritze; Arrast-Larrebio; Arraute-Xarritte; Azkaine; Azkarate; Aiherra; Banka; Barkoxe; Baiona; Behauze-Larraine; Bergoue-Villenabe; Bithiriña; Bidarrai; Bunuze; Buztintze-Iriberri; Kanbo; Gamue-Zihiga; Karo; Sohüta; Ezpeleta; Eskiula; Etxarri; Gabat; Gamere; Haltzu; Hazparne; Heleta; Hozta; Tholdi; Ilharre; Irisarri; Irulegi; Izpura; Itsasu; Jatsu; Jutsi; Bastida; Lakarri; Liginaga-Astüe; Larraine; Landibarre; Lixantze-Zunharre; Lohitzine; Luhuso; Makea; Mendionde; Muskildi; Oragarre; Ortzaitze; Oza-Suhare; Ortzaize; Izura-Azme; Pagola; Baigorri; Donamartiri; Hiriburu; Doneztebe; Senpere; Uharte Garazi; Urepele; Urruña; Uztaritze.

 

Interesgarri izanen zaizu