SNCF eta GPSOk egindako inkestaren arabera, Ipar Euskal Herriko biztanleen %70a AHTaren alde litzateke. Baina Bizi eta CADE elkarteek datuak zalantzan jarri dituzte, inkesta “iritzi publikoa manipulatzea” dela salatuz.
SNCF Réseau eta GPSO erakundeek enkargatutako Odoxa inkestaren arabera, Ipar Euskal Herriko biztanleen %70a Abiadura Handiko Trenaren alde litzateke. Hego-Mendebalde osoan, aldekoak omen dira %87.
Bizi! eta CADE elkarteek, ordea, inkestaren metodologia eta gardentasuna gogor kritikatu dituzte komunikatu batean: Haiek diotenez, Euskal Herriko lagina 178 pertsonakoa baino ez da, eta gehienek ez zuten proiektuaren berri. Gainera, parte-hartzaileei GPSOren bertsio ofiziala aurkeztu zaie, ondorio ekologiko edo ekonomikoak aipatu gabe. Elkarteek azpimarratu dute AHTak ez duela geldialdirik izango herri gehienetan eta badirela alternatiba merkeago eta jasangarriagoak, hala nola egungo linearen berritzea. Gogorarazi dute gainera, azken urteetan gehiengo zabalak proiektuaren aurka bozkatu duela, bai mobilizazioetan bai herri-galdeketetan.
Haien arabera, inkesta "iritzi publikoa fabrikatzeko tresna" da, ez benetako adostasun sozialaren isla. “Euskal Herriko biztanleek argi dute: ez dute proiektu hori nahi,” diote Bizi! eta CADE elkarteek, eta ohartarazi dute AHTaren proiektuak “zilo ekonomikoa eta hondamendi ekologikoa” ekarriko dituela.