Ifop etxearen inkesta batek erakutsi du Ipar Euskal Herriko biztanleen gehiengoak autonomia handiagoa eta euskararen aitortza instituzionala nahi dituela: %62k estatutu berezia, %71k koofizialtasuna eta %66k derrigorrezko irakaskuntza.
Régions et peuples solidaires federazioak eskatuta, Ifop ikerketa institutuak egindako inkestak agerian utzi du Ipar Euskal Herrian gehiengo zabal batek estatus politiko eta kultural bereziagoa nahi duela. Autonomia handiagoaren aldeko babesa %62koa da, eta euskararen aitortza instituzionala ere gehiengo sendo baten nahia da.
Inkestaren arabera, Ipar Euskal Herriko biztanleen %62k estatutu bereziko kolektibitate baten alde egiten dute, autonomia handiagoaren alde. Frantzia mailan ere, %71k estatu federal baten ideia babesten dute. Ipar Euskal Herrian, euskararen aitortza ere azpimarratzekoa da: %71k koofizialtasuna nahi dute, %66k derrigorrezko irakaskuntza, eta %74k hautetsiek herriko etxeetan euskaraz aritzeko eskubidea izatea.
Bestalde, galdezkatuen %70en ustez lurraldeek eskumen gutxiegi dituzte, eta %91rentzat Estatua urrun dago tokiko errealitateetatik. François Kraus, Ifop-eko ikerketaren zuzendariak, azpimarratu du deszentralizazioaren eskaria belaunaldi eta korronte politiko guztietara hedatzen dela, eta hizkuntza gutxituen aitortzak denboran zehar egonkortasun handia erakusten duela.
EHBaik estatus bereziko Lurralde Kolektibitatea eta euskararen koofizialtasuna defendatzen ditu, inkestek erakutsitako gehiengo zabalaren nahia babestuz. Inkesta egiteko 500 laguneko lagina hartu da Ipar Euskal Herrian. Xehetasunak hemen daude ikusgai.