Larunbat honetan hasiko da bigarren fasearen lehen itzulia, Larraun Lekunberrin. Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Maddi Ane Txoperenaz gain, Amets Arzallus eta Sustrai Colina txapelketari lotuko dira. Miarritzen iraganen da faseko azken saioa.
Larunbat honetan hasiko dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoak. Bigarren fasearen lehen itzuliak Larraun Lekunberriko Plazaola kirolgunean izanen du abiapundua, larunbat honetako 17:00etan. Ondotik, urriaren 31n, Eibarren arituko dira sailkatutako bertsolariak, azaroaren 7an Gernika-Lumon, eta azaroaren 14an Miarritzen.
Kalifikatutako 24 bertsolarien artean, bost Iparraldetik heldu zaizkigu. Lehen fasean sailkatutako Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Maddi Ane Txoperena lehiatuko dira. Eta horietaz gain, Amets Arzallus eta Sustrai Colina txapelketari lotuko dira, aurre kalifikatuak zirela eta. Maddi Ane Txoperenaren arabera, seinale ona da hainbeste bertsolari izaitea Ipar Euskal Herritik.
Egutegiari dagokionez, Amets Arzallusek Larraun Lekunberrin kantatuko du larunbat honetan. Miren Artetxe Eibarren arituko da, urriaren 31an, Ipurua kiroldegian. Eta azkenean, Maddalen Arzallus, Sustrai Colina eta Maddi Ane Txoperenak Miarritzen kantatuko dute, Jai Alai pilotalekua azken saioaren kari.
Txoperena, aurtengo Xilabako txapelduna, lehen aldikotz txapelketa nagusiko oholtzara igan da aurten. Bere lehen saioa Hazparnen ukan zuen, bigarren lekuan iritsi zen 691 pundurekin, 709 pundu lortu zituen Miren Artetxeren ondotik. Sailkapen orokorrean, hirugarren lekuan bururatu zuen lehen fase hau. “Etxean aritzea” zein goxo den aitortu digu Txoperenak: lehen saioa Hazparnen, bigarrena Miarritzen. Bertsolari zein bertsozalerentzat den xantza azpimarratu du.