Atzo Politika Orokorreko diskurtsoa egin zuen bigarren aldiz Sébastien Lecornuk, eta erretreten erreforma bertan behera utziko duela azaldu. Bihar goizean bi zentsura mozio lantzekoak dira Asanbladan, LFIk eta RNek pausatuak.
Konfiantza ala ez, zentsura ala ez: joan den asteko lurrikara politikoa arrunt baretu gabe, parlamentariek berriz ere erabakitzeko astea dute hau, Pariseko Asanblada Nazionalean. Sébastien Lecornu lehen ministro berriz izendatuak Politika Orokorreko diskurtsoa egin berritan, bi zentsura moziori aurre egin beharko die bihar.
LFI Frantzia Intsumituak pausatu du mozio bat, eta alderdi hark, ekologistek eta komunistek alde bozkatuko dutela aurreikusten da. Aldiz, Alderdi Sozialistak zentsura ez bozkatzearen hautua egin du, Lecornuk erretreten erreforma bertan behera utzi duela ikusirik, "momentuz" konfiantza egiten baitio gobernuari. Ipar Euskal Herriko hiru diputatuak Asanbladako "Sozialistak eta Antzekoak" taldean dira, eta bozka asmoak zehazten ari dira. Collette Capdevielle eta Iñaki Etxanizek ez dute zentsura mozioa babestuko; Peio Dufauk aldiz, gaur erabakitzekoa du, EH Baiko arduradunekin batera. Dufau talde parlamentario sozialistan izan arren, ez da alderdiko kide, eta hartaz, ez du bozka diziplinarik.